Sormena bultzatzeko diru-laguntzinoak eskatzeko epea zabaldu dabe

Bizkaie! 2021-03-03 10:27   Kulturea

Jaurlaritzeak 354.000 euro banatuko ditu, sei modalidadetan.

'Ane' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturearen alorreko sorkuntzea bultzatu eta zeregin horretan dabizanei laguntzeko, deialdia zabaldu dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Eskariak egiteko epea gaur, hilak 3, zabaldu dabe, eta hilebetez egongo da indarrean. 354.000 euro dira guztira, eta sei modalidadetan aurkeztu leitekez eskabideak:

- Antzerkirako testuak: Euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako testu originalak sortzeko, 52.000 euro emongo dira.

- Zinemako gidoiak: Euskeraz zein gaztelaniaz, fikzinoa zein dokumentala, 104.000 euro jarriko ditue eskura.

- Musika konposizinoak: Sormen originalak lagunduko ditue, partitura, pentagrama, kronograma zein interpretazino planean aurkeztuta. 64.000 euro dagoz atal honetan.

- Gazteei zuzendutako euskerazko literaturea: 12 eta 18 urte bitarteko irakurleentzat euskerazko literaturea sortzeko 40.000 euro emongo ditue.

- Euskerazko ipuin eta nobela laburrak: Gitxienez 100.000 karaktereko lanak; nobelak ez eze, ipuinak be aurkeztu leitekez. 40.000 euro dira.

- Koreografiak: Jantza profesionalaren alorreko sorkuntzentzat, 64.000 euro.

Aurkeztutako proiektu guztiak balorazino-batzordeak aztertuko ditu, eta laguntzinoa nori emon ebatziko dau. Modalidade bakotxerako batzorde bat eratuko dau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. 

Igazko deialdian 47 proiektu lagundu zituen diru-laguntzinoen programa honetan. Zortzi, antzerki testuak sortzeko izan ziran, eta beste horrenbeste, zinemako gidoietarako. Musika konposizinoei jagokenez, 15 lagundu zituen, eta koreografien arloko beste sei. Euskerazko testuei jagokenez, gazteen atalean bost laguntzino emon zituen, eta nobela laburren zein ipuinen atalean, beste bost. 

Arte eszenikoei babesa

Beste alde batetik, arte eszenikoetako produkzino profesionalak babesteko diru-laguntzinoen deialdia be gaur zabaldu dau Eusko Jaurlaritzeak. Kasu honetan, 1,38 miloe euro erabiliko dira, lau modalidadetan banatuta:

- Hitzartutako zirkuitua daben produkzioak laguntzeko.

- Produkzinoen laguntzinoak I (lehen proiektuak, izakera berezikoak edo esperimentazinokoak).

- Produkzinoen laguntzinoak II (kalidade nabarmeneko proiektuak).

- Urte biko jarduera eszenikorako laguntzinoak. 

Igaz 39 proiekturi lagundu eutsen deialdi honen bidez. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu