Bertoko sortzaileen alde egingo dau XXII. Bilbaopoesiak
2021-03-02 13:49 KultureaMartiaren 15etik 24ra izango da, Bidebarrieta liburutegian.
Bilboko Udalak Bilbaopoesia literatura jaialdiaren XXII. edizinoa antolatu dau martiaren 15etik 24ra, Berriz aireratzen lemapean, Bidebarrieta liburutegian. Aurten, batez be, bertoko talentuari egingo deutse lekua, pandemiak kanpoko konbidaduak ekarteko jarritako oztopoak, euskal sortzaileen lan oparoa erakusteko aprobetxauta. Hain zuzen be, igazko martian Covid-19aren izurria hasi zanean, Bilboko programazino kulturalean bertan behera geratu zan lehenengo hitzordua izan zan Bilbopoesia.
2021ean indarbarrituta dator jaialdia, kulturgintzan dabizanei bultzadea emoteko asmoz, sektore hori dalako pandemiak gehien kaltetu dauenetako bat. Egitarauan 30 sortzaile inguru dagoz, gehienak literaturearen alorrekoak, baina badagoz musikariak be. Gonzalo Olabarria zinegotziak eta Begoña Moran programatzaileak aurkeztu dabe edizino honetako egitaraua, Bilboko udaletxean egindako agerraldian.
Martiaren 15ean hasiko da jaialdia, Blas de Otero idazle bilbotarraren jaiotzearen urteurrenagaz bat eginda. Mediobiografia izenburupean, Blas de Oteroren testuak irakurriko ditu Emilio Gutiérrez Cabak, Cecilia Lavilla Berganza eta Miguel Ituarte getxoztarra pianoan lagun dituala.
Biharamunean, hilak 16, Abere ba Ulu ala ele saioaren txandea izango da. Poesia eta musikea buztartzen dituan produkzino hau Loraldiagaz alkarlanean antolatuta dago. Bigara (Itziar Aranburu eta Jon Ander García), Amorante eta Okene Abrego egongo dira oholtzan.
Hurrengo egunetan be, idazle ugarik hartuko dabe parte Bilbaopoesian. Manuel Vilas, Karmelo Iribarren eta Juanra Madariaga Reencuentros saioan alkartuko dira, 17an; Marta Sanzen eta Bernardo Atxagaren txandea izango da 20an. Hilaren 22ko hitzordua be aitagarria da, Leire Bilbao, Itziar Minguez, Beatriz Chivite eta Julia Piera batuko diralako.
Loraldiagaz batera atondutako beste ikuskizun bat Gaztelondo zer berri. Etxahun izango da. Mikel Etxekoparren musikea, Dominika Rekalten testua eta ahotsa, Pierre Visslerren soinu-grabazinoak eta Jean Christian Galtxetabururen perkusinoa dakarz.
Zuzeneko musikeari jagokonez, Nacho Vargas eta Izaro konbidauko ditue. Martiaren 21ean, Poesiaren Nazinoarteko Egunean, izango da Izaroren kontzertua. Iker Lauroba eta Garazi Esnaola izango ditu lagun agertokian.
Egitarau osoa hemen.
Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira. Gehienak dobakoak izango dira, baina honeek hirurak ikusteko pagau egin beharko da: Mediobiografia (martiaren 15ean), Nacho Vegas (19an) eta Izaro (21ean). Gonbidapenak eta sarrerak Bidebarrieta Kulturgunearen webgunean eskuratu leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!