Pandemian emakumeek egin daben lana autortu dau Bilboko Udalak

Bizkaie! 2021-03-01 12:27   Pil-pilean

Martiaren 8ko kanpainea martxan da urian.

Emakumeek euren egunerokoan jasaten dituen desabantaila batzuk handitu egin ditu Covid-19aren ondoriozko osasun larrialdiak, esate baterako, laneko eta etxeko beharrak buztartzeko edo euren ahaleginari jagokon autortzea jasoteko orduan. Horregaitik, Bilboko Udalak martiaren 8ko Emakumeen Egunaren harira antolatu dauen kanpaineak ahalegin horri begiratuko deutso.

Euskarri fisiko zein digitaletan zabalduko daben sensibilizazino-kanpaina honen leloa Eta zu, zelan moldatzen zara? izango da. Nekane Alonso zinegotziak azaldu dauenez, mezu honegaz emakumeok aurre egin behar izan deutsegun desbardintasunak eta zailtasunak agirian itxi nahi izan doguz. Udalaren Andre eta Jabe estrategiaren barruan, ahalduntzea bultzatzeko beste ekintza bat da martiaren 8ko hau.

Pandemiaren eraginezko ahalegin gehigarri guztia emakumeen lepo ez daiten geratu, erantzunkizunak emakume eta gizonen artean banatzeko deia be bada kanpainea, enpresa eta erakundeek daben ardurea ahaztu barik. Emakume guztientzako mezu itxaropentsua eta ahalduna dala dino Alonsok. Enpresei, ostera, esan deutse, talentua erakarri eta lehiakortasuna hobetzeko bide bakarra erantzunkizunak ondo banatzea dala. 

Izan be, pandemian sekula baino garbiago geratu dira gizonen eta emakumeen arteko desbardintasunak lana banatzeko orduan. Etxean ordaindu bako lanak, edadekoak eta seme-alabak jagotea... emakumeen esku geratu dira, dino Alonsok, eremu pribaduaren erantzukizuna hartzeko orduan, gizonen eta emakumeen artean dagoan desbardintasuna inoiz baino nabarmenagoa da.

Kontuak kontu, martiaren 8ko Bilboko Udalaren kanpaineak hiru helburu nagusi ditu. Lehenengoa, emakumeek osasun krisian egin daben ahalegina autortzea; bigarrena, lana kudeatzeko ikuspegi barriak martxan jarri eta genero-ikuspegia ezarteko bideez gogoetea egitea; eta hirugarrena, erantzunkizunak banatzea, gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna lortzeko.

Kanpaineagaz batera, Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harira, webinar erako topaketea be antolatu dau Bilboko Udalak. Martiaren 10ean egingo dabe (18:00), online, Erantzukidetasunezko kontziliazinoa. Bardintasunaren erronkea izenburupean.

Saio horretan, Rosa Cobo Bedia teorialari, Generoaren Soziologiako irakasle eta Genero eta Feminismo Ikasketetako Zentroaren zuzendariak genero-rolak aztertuko ditu, eta baita gizonen eta emakumeen jokabideak be, espazio pribaduan zein publikoan. Teresa Empar Aguado Bloisek be hartuko dau parte webinarrean, kontziliazinorako gaur egungo neurrien eta horreek emakumeen beharretara ikuspegi feministatik egokitzeko moduen inguruko gogoetea ardatz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu