Matematikearen hilebetea izango da martia Bidebarrieta Kulturgunean

Bizkaie! 2021-02-26 12:38   Pil-pilean

Lehenengo hitzordua matematikea eta futbola buztartzen dituan berbaldia izango da, hilaren 3an.

Matematikearen Nazinoarteko Eguna, martiaren 14a (pi zenbakiaren balioagaz -3,14- bat datorren datea dalako), hilebete osoko ospakizun bihurtu dau Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak, martian hainbat ekitaldi antolatuko ditualako. Matematikearen Hilebetea dalakoa, DiMa dibulgazino zientifikorako sarearen ekimena da, Espainiako Zientzia eta Barrikuntza Ministerioak babestua.

Matematikearen Hilebetean antolatuko diran saioetan, zientzia modu atsegin eta errazean hurreratuko jako publikoari, eguneroko bizitzeagaz matematikeak daukazan loturak azaltzeko eta kultura zientifikoaren beharra azpimarratzeko. Dibulgazinoa da zikloaren helburua, eta, beraz, publiko guztientzat aproposak dira jarduerak.

Lehenengo hitzordua martiaren 3an, eguaztena, egingo dabe, 19:00etan. 11 retos en el fútbol desde una perspectiva matemática gaztelaniazko berbaldian, kirol profesionalean zientziak dauen garrantzi gero eta handiagoa erakutsiko dabe Dae-Jin Lee eta Jon Larruskain hizlariek. 

Dae-Jin Lee Injinerutza Matematikoan doktorea da, eta Bilbon egoitzea dauen BCAM erakundean egiten dau lan, Datuen Zientzia eta Adimen Artifizialaren arloko Estadistika Aplikaduko lantaldearen buru. Jon Larruaskain, ostera, Athletic Clubeko zerbitzu medikoetako kidea da, eta jokalarien datuak erregistrau eta aztertzen ditu, gero jokoan aplikau ahal izateko. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna eta Futbolean eta Lesionetan doktorea be bada.

Izan be, futbolean, beste kirol askotan jazoten dan legez, zenbakiek, estadistikek eta kalkulu matematikoek pisu handia dabe goi mailako prestakuntzea antolatzeko orduan. Prestakuntza fisikoa, errendimendua, aerodinamikea eta mekanikea lantzen dira matematiken laguntzinoagaz. Futbolagaz lotutako adibide harrigarrien bidez erakutsiko dabe hori Leek eta Larruskainek. 

Osasuna babesteko neurriak dirala eta, berbaldira joan gura dauenak aurretik eskatu behar dau dobako gonbidapena, hemen. Matematikearen Hilebeteko hurrengo berbaldia martiaren 10ean izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu