Ikasleen talentua sustatzeko gidea aurkeztu dau Mondragon Unibersidadeak

Bizkaie! 2021-02-26 10:03   Pil-pilean

Talententoari buruzko MOOC ikastaroa eta webinarra martian egingo dira.

Ikasleen talentua sustatzeko gidea: Batxilergorako, Lanbide Heziketarako eta unibersidaderako hainbat aukera liburua aurkeztu dau KoLaborategiak, Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko Gizarte Digitalerako Hezkuntza eta Komunikazinoa laborategiak. Eskoriatzako campusean egindako aurkezpen publikoan izan dira Eragin izeneko proiektuan esku hartu daben ikertzaile guztiak. Gainera, irakasleei zuzendutako talentua eta hau sustatzeko dimensinoen gaineko MOOC ikastaroa (Massive Open Online Course) eta webinar bilduma edegia aurkeztu ditue.

Ikasleen talentua sustatzeko gidea: Batxilergorako, Lanbide Heziketarako eta unibersidaderako hainbat aukera (PDF).

Proiektuaren bultzatzaileen eretxiz, talentua lantzeaa hezkuntza erakundeen erronka nagusietako bat da; orain arte egindako ikerketek erakutsi dabe talentuagaz lotutako gaitasunak jorratzeko gakoa dala testuinguru aberatsak eskaintzea. Ikuspegi hori hartzen dau oinarri gideak; horregaitik, hezkuntza testuinguruak ikasleen talentua sustatzeko egokiagoak izateko bideak erakusten ditu gideak.

Talentua eta talentuaren dimensinoak

Ikertzaileek ahalegin berezia egin dabe gida arina eta erabilerraza egiten. Liburua zati bitan dago banatuta. Hasteko, talentua zer dan definitu dabe, baita talentua osotzen daben dimensinoak zehaztu be, berbarako, dimensino kooperatiboa, sortzailea, ekintzailea, malgua, kritiko-analitikoa eta emozinoen erregulazinoaren dimensinoa. Azpimarratzekoa da talentuaren kontzeptualizazino lan hori askotariko sektoreetako ordezkarien arteko eztabaiden ondorio izan dala. Ondoren, oso era praktikoan, iradoki ditue bideak talentuaren dimensino horreek hezkuntza testuinguruetan sustatzeko. Liburuaren egileek nabarmendu nahi izan dabe gidan jasotakoak aukerak dirala, eta ez ezinbestean egin beharrekoak. Holan, talentua sustatzeko aukera bakotxagaz batera, informazino zehatza emon dabe eta, bidenabar, sakontzeko kanpo baliabideak iradoki, interesa dauenak informazio gehigarria izan daian. Bigarren atal hori osotzeko, aintzat hartu ditue ikertzaileen ekarpenak eta talentuaren sustapenaren esparruko nazinoarteko praktika esanguratsuak.

Gidea Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta unibersidade mailakoei zuzenduta dago, etapa horreetan gauzatzeko aproposak diran aukerak jasoten baitira. Dana dala, egileek ezinbestekotzat jo dabe gidan jasotakoak testuinguruari egokitzea.

Liburuan parte hartu dabe Mondragon Unibersidadeko Iñaki Larrea, Paula Alvarez-Huerta, Ana Carpintero, Oxel Azkarate-Iturbe, Jose Ramon Vitoria eta Beñat Flores eta EHUko Alexander Muela ikertzaileek. Proiektuak Gipuzkoa Foru Aldundiaren babesa jaso dau.

Talentuari buruzko MOOC ikastaroa

Eragin proiektuko ikertzaileek MOOC ikastaroa eta aldi bereko webinar bilduma edegia aurkeztu ditue, martiaren 1etik apirilaren 16ra eskaniko dirana.

Ikasleen talentua sustatzeko ikastaroak nahi deutsee estrategiak eskaini irakasleei ikasleen talentuaren garapenerako testuinguru aproposak diseinetako. Beraz, talentuaren dimensinoak sustatzeko estrategiak landuko dira bertan. Argitaratutako gidea bezela, ikastaro honen hartzaileak dira Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Unibersidadeko irakasleak.

Ikastaroan parte hartzeko interesa dabenek helbide honetan emon behar dabe izena: eragin@mondragon.edu

Ikastaroaren gaineko eskuorri informatiboa (PDF)

Webinarrak

Ikastaroaren osogarri, webinarrak be atondu ditue Eragin proiektuko ikertzaileek. Berbaldi guztiak 18:00etan hasi eta ordubeteko iraupena izango dabe. Webinarrak euskaraz eskainko dira:

● Martiak 3. Erregulazino emozionala: ongizaterako bidea. Ana Carpintero (Mondragon Unibersidadea) eta Alexander Muela (EHU).

● Martiak 9. Irakasleak eskaintzen dituan testuinguruak eta ikasleen perseberantzia. Nagore Iñurrategi (Mondragon Unibersidadea).

● Martiak 10. Persona kooperatiboaren garapena hezkuntzan: ikaskuntza zerbitzua. Oxel Azkarate, Nekane Goikoetxea eta Nagore Iraola (Mondragon Unibersidadea).

● Martiak 16. Ikasleen artean taldeko kultura ekintzaile bat sustatzeko estrategiak. Aitor Lizartza (Mondragon Team Academy).

● Martiak 17. Design Thinkinga hezkuntzan: sormenerako aukera. Beñat Flores (Mondragon Unibersidadea).

● Martiak 23. Hamar gako pentsamendu kritikoa garatzeko. Joseba Aldasoro (Elhuyar).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu