Gaur 41 urte jaio zan UPV/EHU
2021-02-25 13:26 Pil-pileanHamar urtean Bilboko Unibersidadearen izenpean ibili zan.
1977tik Euskal Unibersidadea izan arren, izen aldaketea baino gehiago, aspaldiko proiektu bat gauzatzea izan zan: 1936an sortutako eta Gerra Zibilaren oldarrak handik gitxira desagertarazotako Euskal Unibersidadearena.
Ez dira asko momentu haretan unibersidadean egozan personak eta gaur egun lanean jarraitzen dabenak: Ander Gurrutxaga Abad, Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko Soziologia katedradunak, garai hari buruzko lehen burutazinoak ekarri deuskuz: Berrogeita bat urte ia bizitza osoa da. 1980 urrun baina hur dago. Unibersidadea biltegi moduko erakundea zan, sutsua, sortzailea, zaratatsua, harroa, dana xurgatzen eban. Instituzinoak oinarri sendoak behar zituan, egoteko egin behar da, izateko egin eta egon behar da. Fase hori igaro zan, hazi egin zan, nerabezarotik adin-nagusitasunera igaro zan. 41 urtetan, zarata inozotik etorkizunaren konplexutasunera igaro da. Bidean, gogoaren, sormenaren eta ames batzuen zati bat geratzen da. Etorkizuna geratzen da eta burokrazia dago. Zelakoa izango da? Nork daki, baina galderak bere horretan jarraitzen dau: Unibersidadea, 41 urte geroago, zertarako?.
Edorta Cobreros Mendazonak, Zuzenbide Fakultadeko Administrazino Zuzenbideko katedradunak, aldaketea gauzatu eban mekanismo legala ekarri dau gogora: Bolada haretan unibersidadeko lanbidean hasi ginanok -ilusino handiz eta buru-belarri, bide batez esanda- UPV/EHUren sorrerea orain 41 urte bizi izan genduan, hain zuzen be, sasoi haretan egoanaren eta motz geratzen zanaren (Bilboko Unibersidadea) eta izan nahi genduanaren arteko continuum legez. Nire ustez, unibersidadeko garai barriak 1985eko Estatutuen onarpena gauzatu ondoren hasi ziran. Sorrerearen garrantziak ez eban gitxieneko solemnidade formalik lagun izan, Estaduko Aldizkari Ofizialean, ‘Beste xedapen batzuk" izeneko hirugarren atalaren azken lekuan, Unibersidade eta Ikerketa Ministerioaren Agindu soil baten bidez egin baizan.
Maggy Barrère, Zuzenbide Fakultadeko Zuzenbidearen Filosofiako katedradunak sasoi haretako eta oraingo unibersidadearen alderdi batzuk alderatu ditu: Gaur egungoaren oso bestelako unibersidade-bizitza egoan, nire Fakultadean islatutako alderdi bitan behintzat: alde batetik, oso politizauta egoan, onerako (klandestinidadearen boladan sortutako alkartasuna eta laguntasuna arnasten baitziran eta aldaketa politikoagaitik ilusinoz lan egiten baitzan) eta txarrerako (sektarismoa be arnasten zan). Bestalde, oso masifikauta egoan eta, berriro be, onerako zein txarrerako. Beste desbardintasun bat eta kasu honetan txarrerako dana, indibidualismoa eta lehiakortasun gero eta handiagoa da, bai irakasleen artean, bai ikasleen artean be.
Manuel Tellok, Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Materia Kondensatuaren Fisikako katedradun emerituak, orduko pasadizo bat kontau deusku: Orain 41 urte, Bilboko Unibersidadea Euskal Herriko Unibersidadea bihurtu zanean, beharrezko subertau zan lehengo Bilboko Unibersidadearen armarria aldatzea. Errektorego taldeak pentsau eban enkargua Eduardo Chillidari emotea zuzenean, baina arazorik ez sortzeko logoa egiteko lehiaketa publiko bat egitea proponidu eutson Gobernu Batzarrari. Ezustea izan zan Gobernu Batzarrak, Arte Eder Fakultadearen proposamenez, errektorego taldeak hasieran pentsautakoa erabagi ebala: Chillida lako artista bat egonda, errakuntza bat izango zan berari ez enkargetea. Gainerakoa historia da: errektorea eta bi errektoreorde artistearen etxera joan eta unibersidadearen erabagiaren barri emon eutsen. Chillidak esker onez hartu eban ohorea eta irudia akademikoei eta gizarteari erakutsi eutsenean, azalpen ugari emon behar izan ziran, oso apurtzailea zalako.
María Rosa Lana Huici, Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren administratzailea, lanean hasi zan 1980ko zemendian, Zuzenbide Fakultadean: "1981eko zezeilean, denpora gitxi beharrean nenbilela, gogoan dot zezeilaren 24an, 23ko estadu-kolpearen biharamunean hain zuzen, errektorea aukeratzeko hauteskundeak egin zirala eta hautagai bakarra Gregorio Monreal zala, ezagutzen neban Fakultadeko irakaslea. Hauteskundeetarako, edadearen araberako mahaia eratu zan ikastegian eta bertan egotea egokitu jatan, orduko "PND" (irakasle ez ziran langileak) estamentuko gazteena nintzalako. Urte asko emon nituan Zuzenbide Fakultadean lanean eta gero beste zerbitzu eta zentro batzuetatik igaro banaiz be, gustora gordeten dodaz nire lan-jarduerearen lehen urteak be izan ziran hareek".
Sasoi haretan, Pedro Mª Lasaga, komunikabideakazko teknikaria, Magisteritzea ikasten ebilen, aurrerago Arabako OHOko Irakasleen Eskolea izena emon eutsen horretan: “Ikasleok ez ginan eraldaketa prozesuaz asko jaubetu, harik eta administrazino izapideak aldatu ziran arte. Ikusi genduan Valladolideko Unibersidadean hasi ginala ikasten eta Euskal Herriko Unibersidadean amaitu genduala. Arreta handiagoa jarten genduan Gasteizko Ordu Laureneko pasealekuko eraikin zaharretarako dotazino hobea aldarrikatzen, euskal unibersidadearen jaiotza haretan baino”.
Urteotan, aldaketa handia bizi izan dau Gasteizko campusak. Sakabanatutako ikastegiak Gasteizko hegoaldeko kuartel militarrek askatutako eremua okupetan joan ziran, gaur egun ezagutzen dogun campusa osotu arte. Esperanza Iñurrietak, Unibersidade Liburutegiko zuzendariak, ondo ezagutzen dau bidaia: "Valladolideko Unibersidadean hasi nituan ikasketak Arabako Unibersidade Ikastetxean (CUA) eta hiru urte emon nituan bertan. Ondoren, Gasteizko Seminariora joan ginan eta azken ikasturtean amaitu nituan ikasketak Euskal Herriko Unibersidatean. Ez dot gogoan eraldaketa horri buruz ezelako sentimendurik izan nebanik, Euskal Herriko Unibersidadearen lehen promozinoa izatearen harrotasuna izan ezik. 1980ko urrian, UPV/EHUn hasi neban nire lan-ibilbidea eta, 41 urte geroago, bertan jarraitzen dot hiru campusetan lan egin ondoren".
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!