'Bilbao Bonoak'programara batzeko epea luzatu egin dabe
2021-02-25 08:05 Pil-pileanHona hemen programeagaz bat egiteko webgunea: www.bonobilbao.eus.
Bilboko Udalak programara batzeko epea luzatu deutse ostalaritza-establezimenduei, bonoak agortzen diran arte; herritarrek martiaren 15etik aurrera eskuratu ahal izango ditue bonoak. Danetara, 100.000 merkaturatuko ditu udalak eta barrikuntzea da bezeroek establezimendua aukeratu ahal izango dabela.
Ostalaritza eta sukaldaritza-sektoreak egindako eskaerak kontuan hartuta, establezimenduek programeagaz bat egiteko epea amaitu danez, luzatzea erabagi dau Bilboko Udalak. Horrenbestez, ez da programeagaz bat egiteko azken egunik egongo. Halan da be, lehenbailehen atxikitzeko gomendatzen deutse Udalak, izan be, martiaren 15ean hasiko dira herritarrei bonuak saltzen.
Hona hemen programeagaz bat egiteko webgunea: www.bonobilbao.eus. Konsultak eta dudak bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez egin daitekez, baita telefono bidez be: 94 420 53 95. Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara.
Kanpaina honen bidez 100.000 bonu baino gehiago jarriko dira martxan eta uriko barruti guztietan banatuko dira. Ostalaritza-establezimendu bakotxak gehienez 6.000 euro jaso leikez konsumitzaileek trukatutako bonoetan. Behin bonoa erosita eta erabili baino lehen, ostalaritza-lokalak Udalak emondako zatia jasoko dau, bonoen zenbatekoaren % 50.
Udalak miloe bat euroko aurrekontua bideratu dau programara, 3,4 miloe euro baino gehiagoko negozio-eragina ekarriko deutsona uribilduari.
Nork egin leike bat?
Ostalaritza sektoreko edozein enpresa-jarduera dauen persona fisiko edo juridiko guztiek parte hartu leikie, jentearetzat edegitako establezimendu bat badabe Bilbon, bai eta ekonomia-jardueren gaineko zergearen epigrafeetakoren batean jagokon altea emonda badabe be.
Honako honeek parte hartu ahal izango dabe: jatetxeak, kafetegiak eta tabernak janaria eskaintzen dabenak zein janaririk emoten ez dabenak, txokolategiak, izozki-dendak, hortxata-dendak, jantzalekuak, diskotekak eta saltoki handietako establezimenduak.
Horrezaz gan, negozioek establezimendu bat baino gehiago badabe Bilbon, establezimendu guzti-guztiak atxiki ahal izango ditue, banan-banan.
Gaur arte 400 lokalek egin dabe bat programeagaz baina kopuru horrek gora egitea espero da, konsulta ugari jaso baita.
Oinarrizko datak
- Establezimenduek bat egiteko epea: 2021eko bagilaren 30era arte edo bonoak agortu arte.
- Herritarrek bonuak eskuratzeko epea: martiaren 15etik bagilaren 30era.
- Herritarrek bonuak trukatzeko azken eguna: 2021eko garagarrilaren 31ra arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!