Plateruena bizibarritzeko prozesua hasi dabe
2021-02-25 08:40 KultureaTeknikarien eta zinegotzien talde bat arduratuko da egitasmoa gidatzeaz.
Joan dan urtearen amaieran, Durangoko Plateruena itxi ebenean, beteten gatxa izango dan zuloa geratu zan euskal kulturgintzan. Urteetan pilotutako beharrizan ekonomikoei aurre egin ezinda eta pandemiaren erruz bere jarduerea ganoraz ezin antolatuta, Plateruenaren bultzatzaileek proiektua amaitutzat jo eben, baina noz edo noz ateak barriro zabaltzeko esperantzaz. Itxuraz, gero eta hurrago dago Plateruena barriro martxan jarteko eguna, Durangoko Udalak martxan jarritako ekimenari esker.
Agerraldi publiko baten iragarri dabe Udaleko ordezkariek, Plateruena bizibarritzeko prozesu parte-hartzailea hasi dabela. Lehenik eta behin, Plateruenaren esparruak eta ekimen nagusiak zehazteko plangintzea egingo dabe, zinegotzi eta kultur teknikarien talde bat horren arduradun dala.
Martiaren amaieran hasita, bagilerako plangintza osoa prest izatea da Udalaren helburua. Horretarako, besteak beste, tailerrak egingo ditue, aitatutako lantaldeak gidatuta, proposamenak jaso, ideak antolatu eta plana diseinetako. Durangoko eragileen eretxia ezagutzea ezinbestekotzat jo dau Udalak.
Modu horretara, Plateruena barriak izango leuken zeregina eta eskaintzea barriro definiduko dabe, Durangorentzat eta Euskal Herriarentzat azpiegitra garrantzitsua dala kontuan izanik. Urteotan guztiotan batutako esperientzia be erabiliko dabe.
Plateruena ahalik eta arinen ipini nahi dabe martxan, prozesu parte-hartzailearen pausu guztiak errespetau eta eragileen eretxi guztiak entzunda. Etapa barri bat hasi nahi dogu, Plateruenak, hurrengo urteetan be, euskal kulturearen bilgune izaten jarraitu deian, adierazo dabe Udaleko ordezkariek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!