Tabakalerak eta Artiumek sortzaileentzako jarduera artistikoak eskainiko ditue

Bizkaie! 2021-02-24 10:13   Kulturea

Hamar parte-hartzailek euren proiektu artistikoak jorratuko ditue.

Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak, sorkuntzearen arloko profesionalei zuzendutako Jarduera Artistikoen Institutua-n (JAI) bigarren edizinoan parte hartzeko deialdia edegi dabe. Artistei zuzendutako ikasketa-programa honen bigarren edizinoak maiatzaren 31an hasiko dau ibilbidea. Praktika artistikoa izango da programearen muina eta ikerketea, produkzinoa, pertzepzinoa eta lan kritikoa sustatuko ditu.

JAI Institutuak joan zan urtean izan eban harrena ona kontuan hartuta, bigarren edizinoa maiatzaren amaieran abiatuko da programea COVID-19-ak eragindako egoeraeri egokituta. Aurrez aurreko saioak eta onlinekoak buztartuko dira eta horri esker, besteak beste, Moyra Davey, Patricia Esquivias, Antonio Ballester eta Xabier Salaberria irakasleakaz ikasteko aukerea egongo da.

Bigarren edizinoak, hiru hilebetez, udako eskola baten moduan funtzionauko dau, baita truke eta gurutzaketa artistikoak lantzeko gune lez be. Prestakuntzea Tabakalerako Artisten Gunean izango da, maiatzaren 31tik abuztuaren 29ra. Programeak irauten dauen hiru hileetan, hezkuntza-programako zenbait jarduera publiko eta atal Artium Museoan egingo dira; bertan, JAI ekimena edozeinentzat ikusgai egongo da.

Tutoretza profesionalak

Irakasleen taldea gaur egun erakunde bien erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen daben eragile profesionalek osotu dabe: Ibon Aranberri (artistea), Asier Mendizabal (artistea eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artistea) izango dira institutu barriaren tutoreak eta irakasle lanetan Chris Kraus, Moyra Davey & Nicolas Linnert, Lisa Tan, Maialen Lujanbio, Discoteca Flaming Star, Antonio Ballester, Xabier Salaberria, Jan Peter Hammer, Patricia Esquivias eta María Salgado. Irakasle barrien ondoan, badira bigarren urtez ibiliko diranak be, berbarako, Jon Mikel Euba eta Lily Reynaud Dewar. Edizin bien arteko zubi-lana egingo dabe eurek.

Horrezaz gan, Institutuak ikerketa batzorde bat izango dau, Beatriz Herráez (Artiumeko zuzendaria), Oier Etxeberria (Donostiako CICC Tabakalerako Arte Garaikideko arduraduna) eta aitatutako hiru tutoreek osotua. Batzordekideak izango dira artista eskolako 10 partaideen aukeraketea egingo dabenak.

Deialdia

Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa daben artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emoteko epea zabalik egongo da martiaren 23ra arte. Parte hartzeko, hautagaiek Tabakaleraren eta Artium Museoaren webgunetan eskuragarri dagoan galdetegi baten bidez emon beharko dabe izena eta curriculum vitaea, biografia, motibazino gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat -irudiakaz- erantsi beharko ditue bertan.

Hautatutako personek 450€ ordainduko ditue prestakuntzarako matrikulea eta, horrezaz gan, holan eskatzen daben hautagaientzat matrikula eta ostatu-gastuak barrubatzen dituen beka bi eskainiko dira.

Deialdiaren ebazpena 2021ko apirilaren 1ean jakinarazoko da, telefonoz edo posta elektronikoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu