'Euskal identidade etnikoa eta ahalduntze kolektiboa ongizateagaz lotuta dagoz'
2021-02-23 13:54 KultureaJon Zabala ikertzailearen lana dago oinarrian.
Euskaldunakazko identifikazino sozialak eta ahalduntze psikologiko kolektiboak ongizate personalagaz, sozialagaz eta parte-hartze komunitarioagaz daben loturea aztertu dau UPV/EHUko Kultura, Kognizinoa eta Emozinoa ikerketa-taldeko Jon Zabalak.
Identidade soziala ongizateagaz eta parte-hartze komunitarioagaz lotutako faktore bat da. Ikerketa batzuek frogatu dabe identidade etnikoa ahalduntzeagaz lotuta dagoala eta bien arteko interakzinoaren ondorioz altuagoak dirala ongizatearen eta parte-hartze komunitarioaren indizeak.
Lotura horreen izakereak, barriz, baldintzatu egin leike nork bere taldea gitxiengo eta/edo baztertu legez antzemoteak; hain zuzen be, lotura horreek gitxiengo egoeran eta/edo bazterketa egoeran dagozan kolektiboetan gertatzen dira baina ez hegemonikoagoak edo gehiengoak diran kolektiboetan.
Zabalak azaldu dauenez, jaubetu gara euskaldunakaz oso identifikauta edo fusionauta sentiduten diran eta ahalduntze-maila altua daben banakoek ongizate personaleko eta sozialeko eta parte-hartze komunitarioko indize altuak dituela; berez, altuagoak ditue fusinorik sentiduten ez daben eta ahalduntze-maila bajuko personek baino. Identifikazino sozialak orekatu egiten dau taldea gitxiengo linguistiko lez sentiduteakk eragindako alderdi negatiboak. Gainera, konturatu gara ingurunean euskaldun izatea gitxiengotzat hartzen daben personetan, adibidez urietan edo euskerea hauskorragoa dan lekuetan bizi diranetan, garrantzitsuagoa dala euskaldunakazko identifikazinoa sentidutea euren ongizaterako.
Ahalduntze psikologiko kolektiboa
Ikertzaileak azaldu dauenez, kulturearen eta hizkuntzearen arloan izandako aurrerapausoak bat datoz gizartea aldatzeko eta beren helburuak lortzeko euskaldunen kolektiboaren botere-pertzepzinoagaz. Edozelan be, oraindino hainbat ahultasun-adierazle dagoz, besteak beste, euskerearen egoera hauskorra eta egoera batzuetan hizkuntzeari egiten jakozan bereizkerien zenbait adierazle, euskerearen eta, beraz, euskal identidadearen biziraupenerako mehatxutzat harti daitekezalako, dino Zabalak.
Identidade sozialaren teoriaren arabera, kolektibo bat gitxiengoan dagoanean eta bere identidadeari jagokozan mehatxu indartsuak igarten dituanean, identidadea aktibau egiten da eta ahalduntze-prozesuak abiarazo leikez adierazo dau Psikologia Fakultadeko ikertzaileak. Beraz, euskaldunek oro har egoera sozioekonomiko ona badabe be eta hizkuntzeagaz lortutako aurrerapausoak kontuan izanda be, leitekeana da bai munduan bai Euskal Herrian gitxiengo linguistikoa izatearen kontzientzia lagungarri izatea euskaldunakazko identifikazinoak eta ahalduntzeak faktore oso garrantzitsu lez jokatu leikien banakoen ongizaterako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!