'Musikeak behar zaitu, musikea segurua da'
2021-02-23 10:36 MusikeaZuzeneko kulturea konsumidutea eta kontzertuetara joatea sustatzea helburu dituan bideoa aurkeztu dabe.
Musikeak behar zaitu – Vive la música en vivo, lemapean, musikea segurua dala aldarrikatu dau Musika Bulegoak alkarteak eta herritarrei eta oro har gizarteari babesa eskatu, ETS taldearen Zeugaz Batera kantuagaz musikeak agertokietan jarraitzen dauela eta publikoak zuzeneko kontzertuez modu seguruan gozau leikela.
Bideoa Musika Bulegoak alkarteak joan dan hilean martxan jarritako ekimenen barruan kokatzen da, kontzertuetara joatea sustatzeko, sektorea ikusarazoteko eta kultur ekitaldien segurtasunaren balioa nabarmentzeko.
Euskal Herriko Musika Bulegoa alkarteak herritarren eta instituzinoen arretea gura dau pandemiak sektorean eragindako ondorioei buruz. Musika Bulegoaren eretxiz, berrogeialdian streaming bidezko kontzertuak premiazkoak diaela erakutsi baeuskuen be, arlo digitalak ezin ditu zuzeneko musikeak sortzen dituan emozinoak ordezkatu. Bideoak, gainera, musika sektorearen eta Euskadin Barruko Produktu Gordinaren %3 sortzen dauen industrian dabizen eragile guztien balio kate osoa erakusten dau.
Musika Bulegoak alkarteak kanpaina honen bitartez instituzinoei dei egiten deutse profesionalentzat eta enpresentzat neurriak hartu deiezan, ez ekonomikoak, baita sektorearen bideragarritasuna eta iraunkortasuna ahalbidetzekoak be.
Musika Bulegoa
Lankidetza sektorialeko proiektu estrategiko bat da, Euskal Herrian jarduera musikala sustatzeko eta hobetzeko. Helburuak: sektore eta zerbitzu topaleku bat eregitea, Euskal Herriko musikeari kalidadearen irudia emongo deutsen marka eta euskarri bat sortzea eta interes sektorial orokorreko ekintza eta proiektuak jorratzeko aukerea emongo dauen tresna bat izatea.
EHMBEk (Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkartea) sustatzen dau Bulegoa. Berez, ondokoak dira Musika Bulegoaren kideak: Kultura Live (Euskal Herriko Areto Pribatuen Alkartea), MIE (Musika Industria Alkartea), Musikari (Euskal Herriko Musikarien Alkartea) eta Musikagileak (Euskal Herriko Musikagileen Alkartea).
Ekimen edegia da eta Euskal Herrian musika jarduerakaz zerikusia daben eragile guztiak batzea da asmoa.
Musika Bulegoaren izakera kultural, kolektibo eta edegiari esker, Eusko Jaurlaritzeak hasieratik babestu dau eta, horrenbestez, azken urteotako helburuek eta lankidetza dinamikek jarraipena izango dabe.
V. Musika Bulegoa Sariak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!