Leioako Umore Azokea irailean egingo dabe

Bizkaie! 2021-02-22 12:08   Kulturea

Maiatzean zan egitekoa, baina uda ostean osasun egoerea hobea izango dalakoan dagoz antolatzaileak.

Irailaren 16tik 19ra egingo dabe XXI. Leioako Umore Azokea, kaleko arte eszenikoen jaialdi horrentzat bape ohikoak ez diran egunetan. Izan be, aurreko edizinoen moduan, aurtengoa be maiatzerako aurreikusita egoan, baina Covid-19ak eragindako osasun larrialdia ez da kontrolpean egongo ordurako. Leioako Udalak adierazo dauenez, uda osteko osasun egoerea hobea izango dala uste dabe, eta publikoaren zein profesionalen segurtasuna hobeto bermatu ahal izango dabe.

Lau eguneko jaialdia izango da, beraz, XXI. Leioako Umore Azokea, irailaren 16, 17, 18 eta 19an. Ohiko moduan, herriko kale eta plazak hartuko ditue ikuskizunek: antzerkia, zirkua, clown-a, akrobaziak... Danetariko eskaintzea dago zaleen zain. Antolatzaileek aurreratu dabenez, 38 konpainiak hartuko dabe parte, tartean Euskal Herriko hogeik.

Nahi baino gehiago itxaron beharko da horretaz guztiaz gozetako, irailera arte. Leioako Udaleko Kultura Sailak onartu dau atzeratzea erabagi gatxa izan dala, baina erabagi zuzena. Hainbat aukera eta arazo aztertu ei ditue. Umore Azokea guztiontzako berme handienakaz egin eta gozau ahal izatea da helburua, eta maiatza hurregi dago horretarako. Pandemiari aurre egiteko neurriak irailean arinagoak izango diralakoan dago Udala, txertoek eta bestelako neurriek eragindako hobekuntzeari esker.

Sektoreko profesionalakaz, artistakaz eta konpainiakaz batera aztertu dau egoerea Leioako Udalak, zer egin erabagiteko, danen eretxiak kontuan hartuta. Irailean ikusiko dogu alkar!, esan deutse zale guztiei. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu