Sopelako hondartzak, goi mailako surflarien esku
2021-02-22 09:40 KirolaUdalak eta Basque Team Fundazinoak hitzarmena sinatu dabe.
Une erabagigarria da honako hau eliteko surflarientzat, El Salvadorreko Munduko Txapelketea ate joka dagoalako, eta, ganera, surfa programa olinpikoan sartu dabelako lehenengoz. Goi mailan euskal surflari ugari dagozala kontuan hartuta, honeei laguntzeko aletxua jarri nahi izan dau Sopelako Udalak, eta udalerriko hondartzak erabili deiezen erraztasunak emongo ditu, Basque Team Fundazinoagaz sinatu dauen akordioak dakarrenez.
Hitzarmena aurkezteko ekitaldian izan dira Josu Landaluze Sopelako alkatea, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea, Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko kirol aholkularia, Euskal Herriko Surf Federazinoko arduradunak eta Basque Teameko surflari batzuk, berbarako, Leticia Canales, Garazi Sánchez, Ariane Ochoa, Janire Gonzalez Etxabarri, Rubén Vitoria edo Bitor Garitaonandia.
Ekitaldian azpimarratu dabenez, euskal kostaldetik sartu zan surfa Europara, oinarri sendoko kirola da geurean. 1989an sortu zanetik, Euskal Herriko Surf Federazinoa harrobia lantzen ibili da, eta horren erakusgarri dira Miyazakiko Munduko Txapelketan parte hartu eben lau euskal surflariak, Espainiako kirol talde osoaren heren bi. Gero eta profesionalizaduago dago surfa Euskal Herrian, eta horregaitik erabagi dau Sopelako Udalak bere hondartzak goi mailako kirolarioi lagatzea.
Udalak konpromiso sendoa hartu dau surfaren industriaren sektorea eta surflarien hazkundea bultzatzeko, adierazo dau Josu Landaluze alkateak. Ganera, apustu hori alkarlanean egin ezkero, handitu egiten doguz administrazinoek, federazinoek eta kirolariek ezarritako helburuak beteteko aukerak.
Aurrerantzean, beraz, Basque Team Fundazinoaren programetan dagozan surflariek lehentasuna izango dabe Sopelako hondartzak erabilteko, goi mailako txapelketetarako errendimendu altuko prestakuntzea egin deien. Olatz Legarzak azaldu dauenez, Basque Team Fundazinoak lotura estua dau surfaren munduagaz, eta babes horretan beste laguntzaile bat izango dogu, Sopelako Udalagaz egindako akordioari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!