Iñigo Llopisek Tokiorako txartela ziurtatu dau
2021-02-22 09:10 KirolaJaponiakoak Llopisen bigarren jokoak izango dira.
Basque Teameko bekaduna dan Iñigo Llopis ugerlariak abuztuaren 24an hasiko diran Tokioko Paralinpiar Jokoetan parte hartuko dau barriro be gitxieneko markea eginda, Bartzelona Uria Nazinoarteko Sariaren 100 metroko bizkar estiloan.
Ezintasuna daben Personen Kataluniako Kirol Federazinoen eta Bartzelonako NZren babesari esker, Garun-Paralisia daben Personen Kataluniako Kirol Federazinoak atondutako txapelketa inklusibo honetan ugerlari paralinpiarra ezintasunik bako kirolarien kontra ibilten da. Lehiaketa lau saiotan banatuta dago, zapatu bitan eta domekan bitan. Proba bakotxean sailkapen eta final serieak jokatzen dira. Finaletan, zortzi ugerlari onenak sartzen dira, ezintasunagaz edo barik, serieetan lortu dituen FINA puntuazinoen edo ezintasun anitzen arabera eta sistema hau bera erabilten da irabazleak zehazteko.
Kontuak kontu, Iñigo Llopisek B mailako gitxieneko markea lortu dau S8 kategoriako 100 metroko bizkar estiloko seriean, A markatik hamarren bakarrera amaituta, 1:09.37 denporeagaz. Donostiarrak aurten B markea baino ez eban lortu behar Japoniarako txartela ziurtatzeko, Jokoak atzeratu aurretik A markea lortu ondoren, hain zuzen be, 2020ko zezeilaren 8an jazo zan hori Palma Uria Edegian.
Japoniakoak Llopisen bigarren jokoak izango dira. Madeiran (Portugal) jokatutako Europako Txapelketan ondo ibili ondoren, Rio 2016rako txartela lortzeko oso gitxi falta izan jakon baina Errusiari jarritako zigorrak bere lehen Joko Paralinpikoetako atea edegi eutson. Rio de Janeiron estilo libreko 100 eta 50 metroko probak jokatu zituan, baita 200 metro estilokoak be.
Bestalde, Nahia Zudairek, Basque Teamek eta Kirol Egokituaren Euskal Federazinoak martxan jarritako bikaintasun-proiektuaren kideak, Tokion lehiatzeko beste pausu bat emon dau Bartzelona Uria Nazinoarteko Sari honetan. Gipuzkoako gazteak gitxieneko B markea egin dau S8ko estilo libreko 400 metrokoan, 5:06:21eko denporeagaz. Lortutako B markeak aukerea emongo deutso Japoniako hitzorduan lehiatzeko, gitxieneko A markakaz bete bako plazak geratzen badira.
Azken buruan, bikaintasun-proiektuko kide dan Iker Aizpuru gaztea S10 modalidadean Europako txapelketarako gitxieneko markea lortzen saiatu da. Lortu ez dauen arren, azpimarratu behar da 16 urtegaz bilakaera ona izan dauela 100 metroko bular-ugerketan eta tximeleta erako 50 eta 200 metrokoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!