Sarako Idazleen Biltzarra urrira atzeratu dabe
2021-02-22 08:33 KultureaOsasun egoereagaitik, apirilean egitea ez da bideragarria.
Normalean, Pazko Astelehenean egiten da Sarako Idazleen Biltzarra, beraz, aurtengo edizinoa apirilaren 14an egin behar zan. Baina, Covid-19aren pandemiak hitzordu guztiak baldintzatzen ditu, eta irakurzale eta euskaltzaleek beste data bat gorde beharko dabe agendan, urrian. Ordurako, osasun egoerea hobea izatea espero dabe antolatzaileek.
Egun bakarreko hitzordua izan zan luzaroan Sarako Idazleen Biltzarra, baina azken urteotan zabaltzen hasi da. 2021ean, lau eguneko egitaraua atondu dabe, azokearen egun nagusia urriaren 10a dala, domekea. Astelehenean, hilak 11, profesionalentzako eguna izango da. Aurretik, 8an eta 9an, Ikusi Mikusi egingo dabe, gaztetxuei zuzendutako programazinoa: lehenengo eguna eskolentzat eta bigarrena, familientzat.
Halandabe, Idazleen Biltzarra urterik urte ezagun egin daben ezaugarriak gordeko ditu aurtengo edizinoak be. Idazleen eta irakurleen arteko topaleku izateko helburuz antolatuko dabe beste behin, eta nobedade literario nagusiak ezagutzeko plazea be izango da, batez be Ipar Euskal Herriko idazle eta argitaletxeenak. Biltzarrean salgai egoten diran liburu gehien-gehienak euskerazkoak eta frantsesezkoak izaten dira.
Betiko lez, hitzordua Sarako kiroldegiko frontoi estalian izango da 38. edizinoa, eta alboko karpan aurkezpenak eta bestelako ekitaldi batzuk antolatuko ditue. Erakusmahaietan idazleak egongo dira, irakurleakaz berba egiteko edo liburuak sinatzeko prest.
Udabarriko ohiko hitzordua dan arren, azkenaldion udagoieneko datetara ohitu behar izan dabe Idazleen Biltzarreko antolatzaile eta parte-hartzaileek, Covid-19aren erruz. Igaz be, irailera atzeratu behar izan eben, eta egun bakarrean batu behar izan zituen ekitaldi guztiak (irailaren 6an), osasun egoereak behartuta. 2021ean be, urrira atzeratu behar izan dabe, baina ordurako ekitaldiak normaltasunez egiteko arazorik ez egotea espero dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!