Formatu ugaritako obrak ipini ditu Estíbaliz Sádabak BilbaoArten
2021-02-19 14:25 KultureaEmakumeak espazio publikoan dituan trabak agertzen ditu Desdoméstica erakusketeak.
Igaz BilbaoArte Fundazinoaren artista egoiliar izandako Estíbaliz Sádaba bilbotarrak Desdoméstica izeneko erakusketea ipini dau BilbaoArteko Urazurrutia aretoan. Historian zehar emakumearen ardura eta jarduerak etxeko lau hormen artera zelan mugatu diran azaldu, eta itxialdi behartu horretatik askatzeko izan dituen oztopoak agertzea da Sádabaren asmoa. Andrek espazio publikoagaz daben hartu-emona jorratu dau, formatu ugaritako obren bidez.
Bideoak, performance-ak, argazkiak, soinuak eta collage-ak topauko doguz BilbaoArteko bakarkako erakusketa barrian. Artea erabilita, Sádabak feminismoaren teoria eta praktikea buztartzeko ahalegina egin dau, sareak josi eta alkarlana eregiteko asmoz. Modu horretara, artelanak ez dagoz isolatuta, ingurukoagaz lotuta baino.
Martiaren 18ra arte ikusi ahal izango da Desdoméstica, astelehenetik barikura, arratsaldez (17:30-20:30). Sartzea doban da, baina aforoa mugatuta dago, BilbaoArteko aretoetan ez daiten piloketarik egon. Ganera, martiaren 16an eta 17an, erakusketearen oinarrian dagozan ikus-entzunezko sorkuntza biak (Desdoméstica I eta Desdoméstica II)proiektauko ditue BilbaoArteko Art House Zinema gunean.
Estíbaliz Sádaba Murgia (Bilbo, 1963) Artearen Ikerketan doktorea da, eta beka entzutetsu ugari jaso ditu: Erromako Espainiar Akademiarena, Parisko Cité International des Arts-ena, BBVAk emondakoa... Euskal Herrian be jaso ditu sariak eta bekak, esate baterako, Gasteizko Artiumen eta BilbaoArten bertan. Artea, feminismoa, ikerkuntzea eta aktibismoa ardatz, berbaldi eta mintegiak gidatu ditu Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Rekalde Aretoan, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!