'Alex Reynolds: Bada lege bat, esku bat, abesti bat' Bilbon
2021-02-19 13:10 Kulturea2021eko zezeilaren 19tik bagilaren 20ra egongo da zabalik.
Guggenheim Bilbao Museoak Alex Reynolds. Bada lege bat, esku bat, abesti bat erakusketea dakar; 2021eko lehenengo erakusketea Film & Video aretoan. Museoak areto horretan erakusten ditu bideo-artean, zinema-instalazinoan eta mobimentudun irudia jorratzen daben hizkuntza
artistikoetan funtsezkoak diran piezak. Alex Reynoldsen (Bilbo, 1978) azkenaldiko hiru obra erakusten dira bertan. Artista ezaguna da gure hartu-emon eta maitasun-moduak etenbarik ikertzeagaitik, batez be, hizkuntza zinematografikoaren bitartez. Film & Video aretoko galeria nagusian Eskua kantari (2021) obrea dago ikusgai, Guggenheim Bilbao Museoak koproduzidutakoa; piezearen nazinoarteko estreinaldia izango da erakusketa honen barruan. Eskua kantari Alma Södeberg koreografo suediarragaz lankidetzan sortu eta gauzatu dau Reynoldsek.
Piezeak sare bat eregiten dau, denporan alkar lotutako keinuz, ahotsez eta irudiz osotua. Elementu horreek alkarri erantzuten deutsela dirudi, sekuentzia edegiei eta alkarren segidako erreakzinoei jarraituta: Extremadurako kortxoaren uztaldian artelatz-azalaren erauzketa ia erritualetik, su txiki baten aurrean laranja bat zuritzeko ekintzara edo bateren baten eskua garbitzeko ekintzara; hostoen dardaratik ahots baten dardarara, urrunean txori baten hegoen astinaldia tartean dala, edo, bestela, interpretearen kantuaren eta eskuen mobimentuen artean ezartzen dan atzeraelikatzearen errepetizinoa. Teilatuaren gainean, trukatu egiten dira berbak gaztelaniaz eta ingelesez, Bruselako horizontean Justizia Jauregia atzemoten dogun bitartean. Eskua kantari obra askea da eta, aldi berean, zehetasun handiz konposatua eta bertan, finkotasunaren aurreko erresistentziak eta eraldaketarako interesak gure zentzumen guztiak sartzen ditu tarteko.
Palais (2020) bideoa Bruselako Justizia Jauregian filmau zan. XIX. mendearen hasierako berealdiko arkitektura horretan ibilbide bat egiten da eraikineko administrazino-instalazino labirintikoetan zehar eta txandakatu egiten dira hango gela monumentalak, korridore estuak, bulego abandonatuak, horma graffitidunak eta igongailu siniestroak. Ateak zabaldu, paretak ikutu eta botoiak sakatzen dituan esku bati jarraitzen deutso kamereak eta nahasmena eragiten dauen giroan filmetan ditu espazio desbardinak, izan be, kamerearen mobimentuek emozino nahasiak iradokitzen ditue: larritasuna, jakin-mina, baita umore bihurria be. Ibilbide isila da eta bertan hartzen dabe protagonismoa soinuek, artistearen pausoek, zabaltzen diran ateak, igongailuaren mekanismo ia erasokorrak edo urrunean entzuten diran ahotsen murmurio kezkagarriak.
Instalazinoko hirugarren obrea, Justine (2020), diapasoi bat da airean, ia igarriko ez badogu be. Diapasoia metalezko objektu bat da, urkila-formakoa eta tradizinoz musika-instrumentuak afinetako erabili izan da. Kasu honetan, funtzino estandarra aldarazota fabrikau da piezea, berariaz eta doi-doi erreproduziduteko artisteak ezagutzen dauen persona baten ahots-tonua. Persona horren izena, obreari izenburua emoten deutsona, Justine da.
Alex Reynoldsen lanak bereizgarri ditu, batetik, hizkuntza zinematografikoa manipuletako dauen asmo handiko modua eta, bestetik, haren funtsezko elementuen arteko loturak arakatzeko interesa. Elementu horreek soinua, erritmoa, antzezpena eta narrazinoa dira, baita ikuslearen rola be. Zinemea erabilita, artisteak olgau eta eraldatu egiten ditu kontakizun bisualetan nagusi izaten diran egiturak, gure pertzepzinoei desafio eginez pantailearen perimetrotik eta irudien mundutik harago.
Alex Reynolds (1978, Bilbao)
Brusela eta Berlin artean bizi da, eta bietan egiten dau lan. Performancearen eta zinemearen erregistro ugari buztartuz lantzen ditu obrak, baita instalazinoen, testuen, argazkien eta pieza kontzeptualen bidez be. Haren filmek buztartu egiten ditue kode zinematografikoen azterketa eta zinema narratiboaren birdefinizinoa. Ikuspegi bi horreek bat egiten dabe artistearen lanean eta horrek aukerea emoten deutso artisteari konbentzino zinematografikoak material lez erabilteko personen arteko hartu-emonak ikertzeko asmoz.
2013an, Akademie Schloss Solitude-ren bekea lortu eban Reynoldsek; horrezaz gain, Botín Fundazinoaren Arte Plastikoetako Bekea eskuratu eban 2016an, baita La Caixa Fundazinoaren Produkzino Deialdikoa be, 2020an. Orain irakasle gonbidatua da Ganteko KASK eskolan eta Acoustics/Communities in Movement gizarte-ikerketa taldeko kidea. Reynoldsen obrak ondoko lekuetan egon dira: Index Foundation (Stockholm), Hollybush Gardens (Londres), Centre d’Art la Panera (Lleida), FRAC Lorraine (Metz), Museum M (Lovaina), Galería Marta Cervera (Madril), Tabakalera (Donostia), CA2M (Madril), Syndicate (Kolonia), Bonniers Konsthall (Stockholm), Fundació Joan Miró (Bartzelona), besteak beste. Artistearen filmak, besteren artean, zinema-areto eta zinemaldietan proiektatu dira: FIDMarseille, Rencontres Internationales, Aesthetica Film Festival (York, Erresuma Batua) eta Cinematek (Brusela).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!