Bizkaiko hizkuntza-aniztasunaren inguruko ikerketea prest

Bizkaie! 2021-02-19 13:19   Kulturea

Soziolinguistika Klusterraren azterlanaren arabera, ehun hizkuntza txiki eta handi baino gehiago dagoz gurean. 

Euskaldunan egindako aurkezpena (argazkiak: Soziolinguistika Klusterra) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ama Hizkuntzearen Nazinoarteko Eguna badatorrela aprobetxauta (zezeilaren 21ean da), Bizkaian ze hizkuntza egiten diran eta zenbateko zabalkundea daben zehatz-mehatz aztertu dauen ikerketea aurkeztu dau Soziolinguista Klusterrak, Bizkaiko hizkuntza-aniztasunaren mapa. Datuek erakusten dabenez, Bizkaian munduko ehun herrialde baino gehiagotatik etorritako jentea bizi da, eta eurakaz ekarri ditue makina bat hizkuntza. Batzuek milazak hiztun ditue hemen, beste batzuek bi edo hiru baino ez.

Euskerea, gaztelania eta ingelesa ez ditue mapan aztertu, gizartean daben pisuagaitik beste era bateko azterlanak eskatzen dituelako. Gehienbat, etorkinen komunidadeek erabilten dituen hizkuntzak izan dira ikerketearen jomugea. Xabier Aierdi izan da proiektuaren zuzendaria, eta haregaz batera ibili dira Belen Uranga, Maialen Iñarra eta Isabel Godinez, Soziolinguistika Klusterreko adituak.

Adituok eta proiektua bultzatu dauen Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek hartu dabe parte azterlana aurkezteko ekitaldian, Bilboko Euskalduna Jauregian. Hizkuntzen kudeaketeagaz lotutako beharrean dabizan erakunde, alkarte eta enpresa askotako ordezkariak egon dira entzuleen artean. 

Belen Urangak eta Xabier Aierdik Euskaldunako agerraldian azaldu dabenez, azterlanean hainbat alorretatik begiratu deutse Bizkaiko hizkuntza-aniztasunari. Lehenik eta behin, gaur egungo bizkaitarren jatorria zein dan begiratu dabe: zenbat jaio diran hemen, zenbat kanpoan, zenbatek daben espainiar nazionalidadea, eskualdeka etorkinek daben pisua...

Ondoren, kanpoko jatorria daben personak nondik datozan aztertu dabe. Bizkaian ehun herrialde baino gehiagotako jentea dago (kasu batzuetan persona bakarra edo pare bat baino ez diran arren). Hortik abiatuta, Bizkaian berba egiten diran hizkuntzen zerrendea egin dabe, eta bakotxak zenbat hiztun euki leikezen, gitxi gorabehera.

Soziolinguistikako Klusterrekoek hogei hizkuntza handienak bereiztu ditue ganerakoakandik, guztira dagozan hiztunen % 80 inguru hartzen dituelako (beti gaztelania, euskerea eta ingelesa albo batera itxita). Talde horren barruan, galegoak Bizkaian 25.000 hiztun euki leikezala ondorioztau dabe, Ipar Afrikako arabierak eta tamazightak 13.000 bien artean, errumanierak 11.000 eta katalanak 7.000. Moltso horretan dagoz portugesa, wolofera, yoruba, igboera, urduera, mandarinera eta abar.

Hizkuntza handiak ze eskualdetan eta ze kopurutan berba egiten diran erakusteko mapak eta taulak sartu ditue txostenean. Ganerako hizkuntzek bakotxak 1.400 hiztun baino gitxiago daukiez Bizkaian, batzuek komunidade txiki-txikiak baino ez daukiez gurean, eta azterlanak modu orokorragoan agertzen ditu. 

Eskualdeka begiratuta, ez da harritzekoa Bilbo Handian egotea hizkuntza gehien, eta atzerriko berbeta gehienek uriburuan eta inguruetan ditue komunidade jentetsuenak. Azken baten, Bizkaiko populazinoaren zatirik handiena han bizi da.

Horregaz lotuta, Europako beste uri handietan jazoten dan legez, Soziolinguistika Klusterrak ikusi dau Bizkaian (batez be Bilbon) super-dibersidade dalako fenomenoa dagoala, eta horren ondorio dan hizkuntza super-dibersidadea. Bizkaian ehun hizkuntza baino gehiago berba egiten dirala kalkulau dabe, eta uriburua da aniztasun horren erakuslerik agirikoena.

Arabiera eta tamazighta dira Bilbo Handian gehien erabilten diran hizkuntzak, baita Arratia-Nerbioi eskualdean be. Errumaniera da zabalduena Durangaldean, Busturialdean eta Enkarterrin. Plentzia-Mungian, portugesa. Azkenik, Lea-Artibain Senegal inguruko hizkuntzak dira nagusi (wolofa, serera...).

Hizkuntza-aniztasun hori kudeatzeko proposamenak dakarz Soziolinguistika Klusterraren azterlanak amaieran. Aniztasuna ezagutu eta autortzeko bideak jorratu ditu, batetik; bestetik, kanpotik datozanek Bizkaiko berezko hizkuntzak ezagutu deiezan egin beharreko pausuak identifikau. 

Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok holan laburtu dau hizkuntza-aniztasuna ezagutzearen beharra: Bizkaian doguzan hizkuntza guztiak dira aberasgarri, eta nahiko geunke danek euskerea be etxeko sentidutea, eta euren hizkuntzakaz batera euskerea  eurentzat hartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu