Emakumeen bardintasunerako bidea ikusgai Portugaleten

Bizkaie! 2021-02-19 10:22   Pil-pilean

Artxibo ugarik lagatako 102 argazki dira erakusketearen oinarria. 

Teresa Laespada eta Portugaleteko alkate Mikel Torres, erakusketea ikusten (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Portugaleteko Udalak argazki-erakusketea antolatu dabe Rialia Museoan, Bide luzea bardintasunerantz: emakumeak Euskadin XX. mendean izenburupean. Jagokezen bardintasuna eta eskubideak lortzeko emakumeek XX. mendean egin eben bide luze eta gogorra agertzen daben 102 argazki ikusi leitekez, 35 paneletan banatuta eta idatzizko azalpenek lagunduta. Martiaren 18ra arte egongo da zabalik.

Mikel Urquijo katedradunaren zuzendaritzapean, EHUko ikerlari talde bat arduratu da erakusketako edukiak aukeratu eta azalpenak idazteaz. Hain zuzen be, María José Villak aukeratu ditu argazkiak eta Unai Belaustegigaz batera idatzi ditu paneletako azalpenak. 

Pasa  dan mendeko prozesu hori Europako testuinguruan kokatu eta emakumeek jasaten daben desbardintasunari buruzko gogoetea bultzatzeko helburuz antolatu dabe erakusketea. Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputaduak, emakumeak ikusiarazoteko beharra azpimarratu dau: Autortu eta aintzatetsia izan daitela gure ekarpen osoa, hamarkadetako eta mendeetako burruka guztia.

Portugaleten jarri daben erakusketako paneletako azalpenak euskeraz eta gaztelaniaz dagoz. Liburu baten be jaso ditue argazkiak eta testuak. Ganera, ikus-entzunezko formatuan be grabauko da, ikastetxeetan zabaltzeko. 

Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeek egindako burrukea da erakusketearen oinarria, baina, argazkiak eskuratzeko, erkidegotik kanpoko erakundeen artxiboetara be jo dabe. Dana dala, materiala laga daben 22 artxiboetako gehienak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoz, adibidez, udaletako eta aldundietako artxiboak, Bilboko Euskal Museoa, Ondarroako Historiazaleak eta Sabino Arana Fundazinoa. Norbanako askoren artxibo personalak be arakatu ditue argazki bila. Hona zerrenda osoa:

  • Mario Onaindia Fundazinoa
  • Llaneseko Alkarte Sozialistea
  • Bilboko Udal Artxiboa
  • Vitoria-Gasteizko Udal Artxiboa
  • Miguel Solerren artxibo pribadua
  • Katalunyako Artxibo Nazionala
  • Emakumeen Dokumentazino Zentroa
  • Manterola familiaren bildumea
  • Iñaki Anasagastiren bilduma pribadua
  • Danielle Labajos de Bertolinen bilduma pribadua
  • Eibarko Udal Artxiboa
  • Ertzaintza
  • Euskal Museoa
  • EHUko Ekonomia eta Empresa Fakultadea
  • Ignacio Larramendi Fundazinoa
  • José Ortega y Gasset-Gregorio Marañón Fundazinoa
  • Menéndez Pidal Fundazinoa
  • Pablo Iglesias Fundazinoa
  • Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Kutxateka
  • Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa
  • Ondarroako Historia Zaleak
  • Sabino Arana Fundazinoa

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu