Ikastolatik Baserrira

Bizkaie! 2021-02-17 12:54   Pil-pilean

San Nikolas Ikastoleak bere ikasleak naturan sartzeko proiektu pedagogikoa jarri dau martxan.

Getxoko San Nikolas Ikastoleak bere proiektu pedagogikoan azaltzen dauenez, ikasketa esanguratsua lortzeko bidea esperientzia anitzez osotua izan behar dau eta horregaitik, emozinoak bizitea eta zentzumen guztien bidez errealidadean kokatzeak aparteko garrantzia hartzen dau. Horregaitik, Getxoko Ikastoleak Yauri Etxaldeagaz alkarlanerako akordio bat zarratu eban 2019an eta ikasturte honetan zehar (2020-2021) proiektuari ekingo deutse. Egitasmo berezi honek ikasleentzako baserriko bizitzan oinarritutako ibilbide pedagogiko osoa eregitea dau helburu. Horrezaz gan, San Nikolas Ikastolearen laborategi pedagogikoa praktikara eroatea lortu dabe.

Yauri Etxaldea ikastolatik hur dagoan baserri bat da; bertan, produktu ekologikoak produziduten dira eta baserriko animaliak be badagoz. Gainera, inguruan biodibersidadea askotarikoa eta zabala daukanez, ikasleek esperientzia barriak biziteko aukerea dabe. Ekimen honen protagonistak San Nikolas Ikastolako lehen hezkuntzako ikasleak dira, eurak baitira baserriaren berezitasunak errealidadean esperimentetan dituenak eta proiektu hau martxan jartearen arrazoia. Ikasleek Yauri etxaldea bisitetan daben bakotxean askotariko ekintzak egiten ditue: lurra preparau, goldatu, haziak erein... Holan, ikastolearen baloreakaz bat eginez, ikasleen artean auzolana sustatzea eta garatzea lortzen dau hezkuntza zentro honek.

Horrezaz gan, umeen artean elikadura osasungarria sustatzeko baliogarria da proiektua, etxaldean landatutako elikagaiak barazkiak eta frutea baitira nagusi. Ikasleek, beraz, haziak landatu eta prozesu osoa ulertzeaz gan, elikagai horreen inguruko informazino osoa jasoten dabe zuzenean, abantailak eta onurak ikasiz. Gainera, elikadura ekologikoaz eta jasangarritasunaz be hausnartzen dabe bertan, izan be, denporaldiko produktuak zeintzuk diran eta bakotxaren tratamendua zelakoa izan behar dan identifiketan ikasten dabe lehen hezkuntzako ikasleek eta horren adibide Artaro egitasmoa da; horri esker, ikasleek bagilean ereindakoak urrian batu ondoren taloak egiteko arto uruna lortzeko prozesu osoa jarraitzen dabe. Bestetik, etxaldeko animalien jaiotzak eta bizitzak zuzenean jarraitzeko aukerea be badabe.

Diziplinartekotasuna oinarri daben proiektuak lantzen ditue, arlo ezbardinetan gelan landutako gaien erabilgarritasun praktikoa esperimentetako aukerea dabe Yaurin. Zuzeneko bizipenak ikasketa esanguratsuen oinarri izanik, arloetako ekarpenak buztartuz egiten dabe lan.

Honek guztiak naturaren erritmoa begirunez onartzea eta errespetetea dakar, izan be, Josu Elortegik, San Nikolas Ikastolako zuzendari pedagogikoak dinoanez, Ikasleak emozinoz beterik biziten ditue esperientzia barri honeek eta, aldi berean, natureagaz daben konpromisoa sendotzea lortzen dogu.

Honegaz guztiagaz bertako euskerea batzea eta aztertzea be sustatzen da: Gelan euskera batua ikasten eta lantzen daben bitartean, bizkaierea eta Getxokoa ikasteko aukerea dabe umeek, Yaurin oraindino altxor hori gordeten baita, adierazo dau zuzendari pedagogikoak. Holan, esperientzia parebakoen bitartez naturea eta baserriko bizitzearen inguruan ikasten dabe ikasleek.

San Nikolas Ikastolea Getxo erdigunean kokatuta dago eta hezkuntza eskaintzea urte 1etik 16 urtera izanik, kalidadezko hezkuntza eta proiektu pedagogiko barritzaileen bitartez munduari begira etorkizunerantz aurrera doa eta personak erdigunean jarrita, ikastola parte-hartzailea, edegia eta euskalduna da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu