Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sarien 2021eko deialdia zabalik
2021-02-12 08:47 KultureaMartiaren 28ra arte egin ahal izango dira proposamenak.
Humanidadeen, Kulturearen, Arteen edo Gizarte Zientzien alorrean ibilbide eta curriculum oparoa izanik, Euskal Herriaren garapenerako ekarpen baliotsua egin daben norbanakoak saritzen ditue Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sarien bidez. 2021eko irabazlea aukeratzeko prozesua martxan dala azaldu dau Eusko Ikaskuntzak, eta hautagairen bat proponidu nahi dauenak martiaren 28ra arteko epea dau horretarako. Kultura edo gizarte erakundeek aurkeztu leikiez hautagaitzak, edo nork bere burua be bai.
Behin hautagaitza guztiak jasota, goi mailako epaimahai batek ebatziko dau 2021eko sria nori emon. Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako lehendakariak dagoz epaimahaian, baita Euskal Herriko unibersidade publiko zein pribaduetako buruak be. Irabazleak 20.000 euro jasoko ditu.
Oinarriak hemen.
1995etik emoten ditue Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariak, eta, urterik urte palmaresa hazten doa. Azken edizinoetan, Mikel Manzisidor (2020), Juan Ignacio Pérez Iglesias (2019), Teresa del Valle (2018), Montxo Armendariz (2017) eta Javier Echeverria Ezponda (2016) izan dira irabazleak. Ganera, zerrendan dagoz, besteak beste, Julio Caro Baroja, Eduardo Chillida, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa.
Ganera, hirugarren urtez, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazteen Saria be antolatu dabe, 35 urtetik beherakoek Humanidadeen, Kulturearen, Arteen eta Gizarte Zientzien arloetan egindako lanentzat. Proposamenen egokitasuna, izakera barritzailea, gaurkotasuna, euskerea eta genero ikuspegia kontuan hartzea eta etorkizuneko proiekzinoa balorauko ditu epaimahaiak. Kasu honetan be, martiaren 28a da azken eguna, eta irabazleari 6.000 euro emongo deutsez.
Gazteen Sariko oinarriak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!