'Beti berdin' komikia Euskerearen Etxean dago eskuragarri
2021-02-11 13:40 KultureaAsier Iturralde, Gastón egileak pandemiaren giroan kokatu dau istorioa.
Bilbon dagoan Euskerearen Etxeak azkenaldiko euskerazko nobedade literarioetako bat gizarteratu eta zabaltzeko ardurea hartu dau. Asier Iturralde, Gastón donostiarrak argitaratu barri dauen Beti berdin komikia eskuratu daitee bertan, doban. Bilboko Liburutegi Publikoen Sarean be topau leiteke liburua, bertako Udala argitalpenaren bultzatzailea dan ezkero.
Covid-19aren pandemiari lotutako argitalpena da Beti berdin komikia, izan be, autoreak izurriaren sasoiko gizarteari, personei eta egoerei egindako erretratua da, begirada ziniko eta umoretsuz hornidua. Euskal kostaldeko Irizar herriko Beti Berdin tabernea da zintetako istorioen erdigunea, eta hango behargin eta bezeroak dira protagonistak.
Euskerearen Etxekoek azaldu dabenez, munduko ganerako biztanle guztiak lez, koronabirusak ustekabean harrapau ditu ohiko tabernazaleak, euren bizitzak guztiz aztoratuz. Komikian, bizitzea eta pandemiari buruzko gogoetak ikusteko aukerea izango dugu.
Komikigintzan aditua dan Borja Crespok zera esan dau Beti berdin-en inguruan: Tabernak unibersoaren erdigunea dira eta ditxosozko pandemiak horixe baieztau deusku. Taberna barik, zeozer hilten da gugan. Esku artean dozuen komikiak, horretaz eta askoz gehiagoz dihardu. Bizitzaz azken baten, umore eta sarkasmo finez.
Bizipoza zabalduz, estilo dotoredun komikia da Beti Berdin, Mikel Begoña adituaren ustez. Kike Infamek, hau be komikigintzan luzaroan ibilia, hau adierazo dau: Freskotasunez eta sotiltasunez harritzen gaituen bilduma dotorea, Gastonek eskaintzen deuskun gozamena, eta ajerik ixten ez dauena. On egin!.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!