XXII. Miguel de Unamuno Saiakera Sariko epea zabalik

Bizkaie! 2021-02-11 12:19   Kulturea

Lehiaketeak euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeak ditu.

1999tik antolatzen dau Bilboko Udalak Miguel de Unamuno Saiakera Saria, genero literario hori bultzatu eta idazle eta pentsalari bilbotarra omentzeko asmoz. Aurten, 22. edizinoa beteko dau sariketeak, eta idazlanak bialtzeko deia egin dabe. Apirilaren 30era arteko astia dago parte hartzeko.

Modalidade bi izango ditu Miguel de Unamuno Sariak, euskerazkoa eta gaztelaniazkoa. Mundu guztiko autoreek hartu leikie parte, ezelako muga geografiko barik. Hori bai, saiakerak originalak eta aurretik argitaratu bakoak izan behar dira, gehienez 100 foliokoak. Gaia librea da. Kategoria bakotxeko irabazleei 6.000 euro emongo deutsez, eta idazlanik onenak argitaratu egingo ditu Bilboko Udalak. 

Hautagaiek formatu digitalean entregau beharko ditue lanak, Bilboko Udalak bere webgunean zabalduko dauen loturearen bidez. 

2020an, Irati Jimenez Uriartek irabazi eban euskerazko modalidadeko Miguel de Unamuno Saria, Erabakiak eta esanahiak hautuak eta sinboloak. Idazketa kontzientea eta inkontzientea Harkaitz Canoren Neguko Zirkuan izenburudun saiakereari esker. Gaztelaniazko irabazlea Francisco Torralbaren El hermano del hijo pródigo. Del resentimiento a la reconciliación lana izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu