Gaur, hilak 10, Hotsetan, musika esperimentaleko eta soinu-arteko programea hasiko da
2021-02-10 09:01 MusikeaBilboko Azkuna Zentroan da hitzordua, 18:00etan.
Azkuna Zentroak musika esperimentaleko programea dakar, Hotsetan, eszenAZ 2020-2021 barruan kokatzen dana. Eraeran, Myriam RZM, Matías Riquelme, Fernando Ulzión eta Mudoh soinu-artistek Hotsetan zikloan programan aurkeztuko dabe euren lana, kontzertuen bidez soinua eta musika esperimentala jorratzen dituan tokiko testuingurua ikusarazteko.
Eraeranek, Miguel A. García artistak bertako soinu-artista batzuekaz batera jorratutako pieza elektroakustiko labur batzuk aurkeztuko ditu, sorkuntza eta inprobisazino-tailerren osogarri pentsautakoak; horreetan, soinu-sorkuntza kolektiboa ikertzen da, inprobisazino librearen eta interpretazinoaren arteko askatasun-maila desbardineko partituren bidez, tradizinoan erabilitako bitarteko akustikoak darabilten musikariakaz hasi eta musikari elektroniko esperimentalakana.
Myriam RZM soinu-performer eta esperimentatzaileak DIY/DIT soinu-tresna autofabrikatuen bidezko inprobisazinoan oinarritutako zuzeneko kontzertua eskainiko du: 2018tik, zuzeneko hau garatzen dut, DIY/DIT tresnekin egindako inprobisazioan oinarrituta, soinu eta performatibidade aldetik ditudan arduretara egokituta, fx eta feedback pedalakaz buztartuta, mobimentuan dagoan gorputzeagaz ekintzan/eragin-trukean, azaldu dau artisteak.
Matías Riquelme biolontxelo-jole txiletarrak eta Fernando Ulzión saxofoi-jotzaile bilbotarrak osotzen dabe bikotea eta inprobisazino librearen ikuspegitik soinuagaz egindako esperimentazinoan oinarritzen dabe euren lana. Aurkezpen bakotxa bakarra da, pieza bakotxa momentuan eta ingurunean inspirauta dago. Orain, azken lana aurkeztuko deuskue, La Trahison des Mots (Sluchaj, 2020) izenekoa.
Mudoh (Aitor Monje) artistearen musikaren izakera instrumentalagaz zerikusia dauen gaztelaniazko berbearen eta berezko soinurik ez dauen berbearen arteko loturea da. Mudoh ambient-era bideratutako musika elektronikoa da eta softwarean musika-tresnak atzemoteko prozesuan, landa-soinuetan eta edizino digitalean oinarritua dago.
Horrezaz gan, jardunaldia osotzeko, musika inprobisatuaren kontzertua izango da, gitarra espainiar anplifikatuaren manipulazinoan oinarritua, kolpekatua, igurtzia eta hainbat objektu soinudunakaz jotakoa eta analogikoan jorratua, gitarra elektrikoaren berezko efektuen pedalakaz.
Sarrerak
Sarrerak: 15€ / 12€ az txartelagaz. Tarifa murriztua 14 urtetik beherako ikasleentzat eta 65 urtetik gorakoentzat: 9 € / 7 €, az txartelagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!