COVID-19ra egokitutako ospakizuna: Sanbalendinak

Bizkaie! 2021-02-09 12:48   Kulturea

Eleizondoko (Zeanuri) bizilagunek baino ez dabe parte hartuko artearen neurketan.

Zezeilaren 14an, domekan, San Balendin eguna ospatuko da Zeanuriko (Bizkaia) Eleizondo auzoan, baina aurten ospakizun berezia eta ezbardina izango da, COVID-19aren aurrean jarduteko protokoloari jarraituko deutsona, beste urte batzuetako personen piloketea saihestuz.

Egitarauari zapatuan, zezeilaren 13an, emongo jako hasierea, santuaren irudia Piedadearen ermitatik parrokiara eroanez. Eleizondoko bizilagunek modu pribatuan egingo dabe hori eta umeek be ez dabe parte hartuko. Jarraian, baseleizearen aurrean dagoan artea neurtuko dabe; neurketea egin eta aktea sinatu ostean, aurtengo maiordomoak —Xabier Intxaurragak— datorren urteko maiordomoari —Irantzu Aranari— pasauko deutsoz akta-liburua eta ermitako giltzak. Urtero San Balendin egunean jente asko batzen izan da baina aurten aurreko egunean eta era pribatuan egingo dira jarduerok, COVID-19aren aurrean jarduteko protokoloari jarraituz eta Eleizondoko bizilagunek baino ez dabelarik parte hartuko.

San Balendin

Domekan, San Balendin egunean, 11:30ean kanpai-hotsa izango da, mezara deitzeko. Kanpaiak eskuz joko ditue Pedro eta Jose Antonio Lejarza anaiek, Iñaki Lejarza parrokiako azken kanpai-jolearen semeak; 1994. urtetik era mekanikoan joten dira parrokiako kanpaiak.

Goizeko 11:30ean meza nagusia izango da eta mezearen ostean ez da jai ekitaldirik izango. Beste urte batzuetan, santuaren irudia prozesinoan eroaten da parrokiatik Piedadearen ermitara eta han hurrengo urtera arte ixten da. Ondoren, artea neurtu eta bertaratutakoen artean barauskarria banatzen da: urdaia, pamitxea eta ardaoa. Aurten ekitaldi horreetako batzuk aurreko egunera pasau dira edo bertan behera geratuko dira.

Artearen neurketea

Pedro Lejarza eleizondotarraren arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —gonbit egunean— batzuetan bazkalostean eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta(+) arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak dagoz: lehenengo neurketea 1959koa da eta ondokoa irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18. Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak (+) egin eban 1999an; papeltxu batean ondokoa idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50.

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek eta Pedro Lejarzak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro eta 2008an neurtzeaz gan, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. 2008an, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi horri, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Gainera, zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta (+) arduratu izan da 2015era arte. Gregorio 2015ean hil egin zan eta 2016an Gregorioren lekukoa Igor Intxaurraga eleizondotarrak hartu eban. Aurrerantzean bera izango da neurtzailea.”

Igaz arteari hartutako neurria honako hau izan zan: 190,50 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran. Zein izango ete da aurtengo neurria?

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu