BilbaoEszenak antzerki testu bat analizetan ikasteko tailerra dakar

Bizkaie! 2021-02-09 12:08   Kulturea

Edward Albee-ren Nor da Virginia Woolfen bildur? lana hartuko da oinarri.

BilbaoEszenak, Bilboko Udaleko Baliabide Eszenikoen Zentroak, antzerki-testu bat analizetan ikasteko interpretazino-tailerra atondu dau, arte eszenikoetako profesionalentzat eta amateurrentzat.

Tailerrean izena emoteko epea edegita dago eta eskaerak martiaren 2ra arte onartuko dira. Izena emoteko mezu elektroniko bat bialdu behar da bilbaoeszena@bilbao.eus helbidera.

Danetara, 10 personak hartuko dabe parte. Hogei ordu iraungo dau eta astelehenetan egingo da, 18:30etik 21:00etara, martiaren 8tik maiatzaren 3ra, sei saio on line eta bi presentzial eginez. Prezioa 75 euro eta 60 euro izango da BilbaoEszena, ADDE, EAB eta Artekaleko bazkideentzat.

Tailer honetan, testuaren azterketatik abiatuko da, Edward Albee-ren Nor da Virginia Woolfen bildur? lana oinarri hartuta. Antigonaren monologo eta alkarrizketetatik abiatuta, berba artistikoaren helburuak aztertu, arakatu eta analizauko dira eta eszenan pentsetan ikasiko da. Testuaren analisia, inprobisazinoa eta antzerki-olgetea izango dira hiru lan-ardatzak. Horreen bitartez, parte-hartzaileak testuagaz, gorputzearen eta ahotsaren jardunagaz, personaiagaz, taldeagaz eta publikoagaz konektauko dira.

Lan saio bakotxa 4 fasetan banatuko da: teoria, testuaren analisia, inprobisazinoa eta analizau edo inprobisau danagaz testura itzultzea. Saio presentzialetan, ikasitakoa praktikan jarri ez eze, organikotasuna eta ekintza fisikoa, lan espaziala eta beste personaiakazko erabateko loturea landuko dira.

Tailerrak ondoko helburuak ditu: Testuan organikotasuna, bizia eta egia topetea; obrearen eta personaiaren esangurea ataratea; nork bere buruagaz kontaktua sortzea, personaiaren inguruabarren bitartez; berbearen jaiotzea topetea, pentsamendutik eta bultzadatik; aktorea-personaia-autorea loturea topetea; monologoa eta alkarrizketea eregiteko teknikak eta arauak barruratzea; testutik abiatuta inprobisatzen ikastea.

Bea Insa

Tailerra Insak emongo dau, antzerki munduan profesionala dan artisteak. Arte Dramatikoa Maskareagaz diplomea atara eban Valentziako Eskola Antzerkian eta gero ikasten jarraitu eban: Odin Teatret (Danimarka), Milaneko Centro di Ricerca Teatralen, Andrés Limagaz, Claudio Tolcahigaz, Alu Salonemegaz, Ahotsa Linda Wise eta Enrique Pardogaz (Roy Hart teknika), Bertsoa Karmele Aranburugaz, Mobimentua eta biomekanikea Roberto Romeigaz eta abar. Hamar urtean, bere ibilbide profesionaletik aparte, Ship of Fools antzerki-laborategi ibiltarian jardun dau. Bere ikuskizunakaz ibili da Espainian, Frantzian, Holandan, Alemanian, Polonian, Argentinan, Mexikon, Andorran, Italian, Grezian eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan zehar. Hipólito. Revisión contemporánea sobre Fedra antzezlanagaz, Antonio Morcillo Lópezek zuzendua, interpretazinorik onenaren saria irabazi eban CENIT 2012an (Sevilla).

Irakasle lanetan, Entrenamiento actoral ikastaroa emon dau EHUko antzerki-aretoan (Donostian), Maite Aguirregaz batera. Gaur egun Dinámica del texto TAEn, Creación Escénica Kabia Teatron eta Voz a partir del trabajo físico BAIn emoten ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu