Deustu eta San Inazioko dendek bat egin dabe Emakume Zientzialarien Nazinoarteko Egunagaz

Bizkaie! 2021-02-08 12:17   Pil-pilean

Erakusleihoak apainduko ditue hamabi saltokik eta bakotxa emakume zientzialari bati eskainiko jako.

Zezeilaren 8tik 21era hamabi saltokik euren erakusleihoa emakume ikertzaile baten omenez apainduko dabe #ErakusleihoakO11 ekimenean, Bilboko Udala, Elhuyar eta Deusto Bizirik eta Hiru Auzo komertzio alkarteen kolaborazinoari esker.

Ekimen hau Bizilabe Bilbao, 10 eta 19 urte arteko gazteentzako zientzia eta teknologia-ekintzak egiteko aisialdi-eskaintzearen barruan kokatzen da.

Zezeilaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Egunagaz batera, erakusleihoak apainduko ditue hamabi saltokik eta bakotxa emakume zientzialari bati eskainiko jako; zientzialariaren ilustrazinoa eta informazinoa erakutsiko dira bertan. Danetara, 12 emakume omenduko dira. Gainera, zientzialariaren ikerketan inspirauta apainduko da erakusleihoa eta, esangura horretan, merkatariak emakume zientzialarien bizitzearen eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira eta, gainera, emakumeek zientziari egin deutsen ekarpena ikusarazoten lagunduko dabe. Horretarako, besteak beste, dendetan hainbat eskuorri banatuko dira.

Horrezaz gan, Bilboko Bizilabeko gazteek, Euskal Herriko gainerako Bizilabeetako gazteakaz batera, COVID-19 egoerara egokitu eta hainbat ikus-entzunezko egin ditue, emakumearen istorioa aurkeztu eta ikerketa-gaia ardatz hartuta esperimentua egin dabe. Gainera, esperimentuok egiteko gonbita egin dabe, behar diran materialak eta pausuak ondo azalduz. Pandemia bako urtean, saltokietan bertan egingo leukiez esperimentuak.

Ondokoak dira #ErakusleihoakO11 ekimenean parte hartuko daben saltokiak:

Decoración e Interiorismo Julio Aristin (Blas de Otero, 9) – Eunice Foote, klimatologoa.

Flores Rementeria, S.L. (Erdikoetxe, 1) – Williamina Fleming, astronomoa.

teMIMO Centro de Día (Plaza San Pedro, 3) – Nettie Stevens, Genetikaria.

Farmacia M.A.Linaza Peña (Heliodoro de la Torre, 11) – Gertrude Belle Elion, Biokimika eta Farmakologoa, Fisiologian eta Medikuntzan Nobel Saria.

Centro Visual Argia (Avda. Madariaga, 37) – Miriam Rothschild, entomologoa.

Farmacia Zubiri Zuaznabar (Avda. Madariaga, 35) – Dorothy Crowfoot, kimikaria, Kimikan Nobel Saria.

Deustuko Liburudenda (Plaza San Pedro, 4) – Mary Somerville, matematikaria eta zientzilaria.

Salon Stilo21 Peluqueria (Avda. Madariaga, 23) – Jocelyn Bell Burnell, astrofisikoa.

Farmacia Arilla Zamora (Calle Blas de Otero, 32) – Barbara McClintock, ikerlaria, Medikuntzan Nobel Saria.

Afede (Blas de Otero, 2) – Poppy Northcutt, matematikaria eta NASAko injinerua.

Farmacia Inma Ilabarrieta (Blas de Otero, 51) – Berenice Abbott, zientzilaria eta dokumetal argazkilaria.

PSIKOLAN (Luis Power, 4) – Marie Tharp, itsas kartografoa eta geologoa.

#ErakusleihoakO11

Ekimen honen barruan multimedia edukia sortu da. Parte hartu daben saltokiak Bizilaberen webgunean egongo dira ikusgai zezeilaren 8tik aurrera. Bilboko mapan kokatuta ikusi daitekez saltokiak eta horreetan klik eginez, erakusleihoaren argazkia eta omendutako emakume ikertzailea zein dan ikusteko aukerea dago. Emakume ikertzaileen ilustrazinoak be webgunean egongo dira, euren istorioakaz batera. Elhuyar Aldizkariak idatzitako istorio horreetan ikertzaileen bizitza, jazoerak eta asmakuntzak batzen dira. Danetara, Bilbo, Elgoibar, Ermua, Soraluze eta Tolosaldeko 78 saltokik hartu dabe parte.

Azkenik, aitatu ekimen hau aurreko urteetan Espainian be egin dala, besteak beste, Zaragozan eta Sevillan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu