Mondragon Unibersidadeak, SD Eibarrek eta WATS Teamek akordio bat sinatu dabe
2021-02-08 07:50 KirolaKirolean prestakuntzea eta enplegagarritasuna sustatzea da asmoa.
Mondragon Unibersidadeko Enpresagintza Fakultadeak, SD Eibar futbol-klubak eta WATS Teamek (erreferentziazko erakundea kirol-prestakuntza profesionalean eta kirol-arloko indarkeriaren prebentzinoan) akordio bat sinatu dabe kirol-arloko prestakuntzea, profesionalizazinoa eta enplegagarritasuna sustatzeko, unibersidade-programa biren bitartez: Kirol Enpresako Barrikuntza eta Kudeaketarako Masterra eta Kirol Barrikuntzan Graduondoa.
Hitzarmena Ipuruan sinatu da, klubaren estadioan eta bertan parte hartu dabe: Lander Belokik, Enpresagintza Fakultadeko dekanoak; Mikel Larrañagak, Eibar Kirol Alkartea Fundazinoko lehendakariordeak; Jon Ander Ulaziak, Eibar Kirol Alkarteko kontseilari ordezkariak; eta Alex Navarrok, WATS Teameko fundatzaileetako batek.
Hiru alderdien artean landutako ekimena kirol-arloko prestakuntzea areagotu beharretik abiatu da, unibersidade-programa bi horreen bidez. Programa horreetan, klubeko adituek parte hartuko dabe hainbat arlotan, enpresa-kudeaketan, komunikazino-estrategietan edo klubaren nazinoartekotze-ereduan. Gainera, hitzarmenak beka-programa bat dau klubeko kirolarientzat eta beren lan-jarduerea bertan jorratzen daben personentzat, baita praktiketako programa bat be, bi programa bi horreetako parte-hartzaileentzat.
Mondragon Unibersidadeak eta WATS Teamek programen zehaztasunak emon ditue:
Kirol Barrikuntzako Graduondoa 27 eta 50 urte bitarteko profesionalei dago bideratuta, kirol-sektorean kokatutako enpresetan barrikuntzak egin nahi dituenei edo kirol-arloko enpresa-proiektu bat martxan jarri eta lantzeko prest dagozanei. Prestakuntzearen eta laguntzearen bitartez, executive programeari esker, profesionalak aurrera egiteko kapaz izaten dira kirol-sektorean.
Programeak edizino bi izan ditu eta horreetan 25 personak parte hartu dabe; programearen hirugarren edizinoa martian abiarazoko da.
Izena emoteko epea zabalik
Kirol Enpresako Barrikuntza eta Kudeaketarako Masterra kirola gogoko daben eta orain gitxi graduautako 22 eta 27 urte bitarteko gazteei dago bideratuta, kirol-sektorean lan egiteko gaitu eta kirol-arloko beren enpresa-proiektua modu praktikoan osotu gura dabenei. Gaur egun, programearen lehen edizinoa martxan dago eta dagoeneko edegita dago bigarren edizinoan izena emoteko prozesua.
Lankidetza hori lehen abiapuntua da, hiruen artean, ondoko helburuak lortzeko: kirolaren balioak sustatzea, kirol-sektorearen profesionalizazinoan eta prestakuntzan sakontzea, kirol-indarkeriaren kontra kontzientzietea eta etorkizunean baterako ekintzak lantzea.
Programa bietako irakasleen artean, eliteko kirolaren munduko hainbat arpegi ezagun dagoz WATS Taldeagaz lotuta: Vicente del Bosque (hautatzaile nazional ohia), Julen Guerrero (Sub17ko hautatzaile nazionala eta Athletic Klubeko jokalari ohia), Xabi Prieto (Realeko jokalari ohia), Patricia Ramírez (kirol-arloko psikologoa, idazlea eta hizlaria), Jero García (boxeatzaile profesional ohia eta Hermano Mayor telebista-saioko aurkezlea) eta beste hamabost profesional nabarmen, besteak beste, enpresa-kudeaketearen, ekintzailetzearen, negozio-garapenaren, marketinaren edo komunikazinoaren arlokoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!