7.653 ikasle, zortzi aldiz ugaldu da kopurua 2020an Kirolaren Euskal Eskolan
2021-02-05 12:39 KirolaOsasun egoereak eragin dau kirol formakuntzako online ikastaroen igoerea.
Covid egoeran eskola kiroleko entrenamenduak gidatzeko prebentzino-ikastaroa izan da ikasle gehien izan dituana: 12.500, hain zuzen be.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzearen menpeko Kirolaren Euskal Eskoleak 2020. urtean nabarmen ugaritu eban bere jarduera. Kirol teknikarientzat etenbako formakuntzea eta formakuntza arautua eskaintzen ditu eta igaz 7.653 ikasle izan zituan. Ehuneko % 154,5 hazi zan ikastaro edo ekintza kopurua eta ehuneko % 688 ikasleena. Aurreko urteagaz konparauta nabarmena izan da parte-hartzaileen kopuruaren igoerea.
Etenbako formakuntzan parte hartzen dabenak, besteak beste, honako gaiotan trebatu ziran 2020an: Entrenamenduak, kudeaketea, kirolaren oinarriak, kirol inklusiboa, portaerearen zientziak eta goi mailako errendimendua.
Araututako prestakuntzan parte hartu eben 589 lagunek maila desbardinetako entrenatzaile ikastaroa egin eben honako kirol honeetn: gimnasia erritmikoa, surfa, txirrindularitzea, padela, herri kirolak, halterofilia, patinajea, arrauna, taekwondoa, karatea eta kIckboxing-a.
2020. urteko pandemiak eraginda eskola kiroleko begiraleek derrigorrez egin behar izan dabe entrenamenduak zuzentzeko prebentzino ikastaroa eta Kirolaren Euskal Eskoleak eskaini dau ikastaroa. Online egin da trebakuntzea eta, danetara, 12.500 ikaslek parte hartu dabe, Kirolaren Euskal Eskoleak eskainitako ikastarorik arrakastatsuena.
Ikastaroak
Kirolaren Euskal Eskolan bestelako ikastaro eta ekintza batzuk be jorratzen dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiakaz eskola kiroleko teknikari barriak trebatzeko kalidadezko formakuntza ofiziala eskaintzen da. 60 orduko ikastaroa e-learning-en bidez egiten da. Igazko zemenditik hona 3 ikastaro egin dira 450 ikasle tartean zirala.
Kudeaketa aurreratua bultzatzen dauen Euskalit erakundeagaz batera be kirol erakundeetan kudeaketa aurreratu hori bideratzeko ikastaroak egiten dira.
Digitalizazino prozesua
Kirolaren Euskal Eskoleak eraldatze digitaleko prozesua abiarazo eban 2019. urtean zehar eta 2020an, Covid-ak eragindako osasun egoereak prozesu hori indartzea eta bizkortzea ekarri eban. Horrek kirol formakuntzan erreferente bilakatu dau Kirolaren Euskal Eskolea. Gaur egun be eskaintza digitalaren alde dabiz eta online emoten dira trebakuntza ikastaro guztiak; gaur egun honako honeek dagoz martxan:
- Kirol psikologiako webinar serieak.
- Kirolera bideratuta distantzian lan egiteko tresnen ikastaroa.
- Eskola kirolean begirale laguntzaile izateko ikastaroa.
Kirolaren Euskal Eskoleak bere Youtubeko kanalean be jarten dau material guztia eskura.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!