Europako Triatloi Txapelketea Bizkaian egingo dabe 2022an
2021-02-04 13:48 KirolaHamar egunez, 3.000 kirolari inguru lehiatuko dira.
Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketea Bizkaira helduko da 2022an, eta horren barruan sartzen dira sei modalidadetako probak: duatolia, duatloi krosa, akuatloia, triatloi krosa, distantzia erdiko triatloia eta aquabike. Europako txapelak jokoan egongo dira Elite mailan, zein edadearen araberakoetan, baita kirol egokituari jagokon paratriatloian be.
Bilbo izango da txapelketen erdigunea, eta Bizkaiko beste eremu askotara be helduko dira, esate baterako, Getxora, Bermeora eta Enkarterrira. Aurreikuspenen arabera, 30 herrialdetako 3.000 kirolari etorriko dira, baita honeei laguntzen deutsen beste 5.000 lagun be. Bizkaiko ekonomian 10 miloe euroko eragin ekonomikoa izango ei dau.
Nazinoarteko txapelketa garrantzitsu hau aurkezteko ekitaldian, erakunde ugaritako ordezkariak egon dira: Bilboko Udalaren izenean, Juan Mari Aburto alkatea; Bizkaiko Foru Aldunditik, Ainara Basurko diputadua; Espainiako Triatloi Federazinoko presidente José Hidalgo; Europako Federazinoko ordezkari Alicia García; eta Euskadiko Federazinoko presidente Iban Pérez.
Aurkezpenean azpimarratu dabenez, Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketak kiroletik harago doazan jazoerak dira. Kirola ardatz dala, turismoa, kulturea, gastronomia eta jasangarritasuna be badagoz ekitaldiaren oinarrian. Nazinoartetik datozanek Bilbon eta Bizkaian esperientzia parebakoa bizi izango dabela agindu dabe erakundeetako ordezkariek, bertoko balio tradizionalak inguruneagaz eta kirolagaz buztartuta. Kostaldea, itsasadarra eta mendiak dira 2022ko edizinoko ezaugarriak.
Joan dan irailean, Bilboko Triatloiaren ostean, aukerea izan genduan federazinoaren interesak gure interesakaz buztartzeko, adierazo dau Aburtok. Horri esker, ekitaldiak egiteko uri aproposen erakustokian kokatuko dogu geure burua. Izan be, txapelketa honen bidez, ondo paseteaz gan, bisitariak hartzeko aukerea izango dogu, horrek dakarren eragin ekonomiko eta irudi onagaz. Oso harro gagoz kirol-jai handi honi ateak zabaltzeaz.
Ainara Basurkok, bestetik, erakunde ugariren arteko alkarlana giltzarritzat jo dau Europako Txapelketak Bizkaira ekarteko. Ekitaldi honek eutsi egiten deutso Bizkaiaren hiru ardatzen inguruan, hau da, itsasadarraren, kostaldearen eta mendien inguruan turismoa garatzen jarraitzeko erronkeari, eta, ganera, turismoaren sektorearentzat aurrera begirako baikortasun mezua da, nabarmendu dau Ekonomia Sustatzeko diputaduak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!