1811ko Nafarroan kokatu dau Iñaki Irisarrik bere lehenengo nobelea
2021-02-03 09:27 KultureaAbenturazko istorioa da ...eta infernuko demonioa adiskide.
Leku, sasoi eta giro zehatz batera jo dau Iñaki Irisarri nafarrak bere lehenengo nobelan: 1811ko udea da, Iruñean, Napoleonen tropek hiru urte daroez bertan, eta jentea gogaituta dago soldaduez. Zehaztasun handiko zertzelada historikoak ez dira falta ...eta infernuko demonioa adiskide liburuan (Elkar), baina, funtsean, abenturazko kontakizuna da.
Frantsesek aita hil deutsienez, Espoz Minak gidatzen dauen gerrilleagaz bat egiteko asmoa dau Babil protagonisteak. Txirulea joten dauen mutil gaztea da Babil, mutua, eta frantsesen kontrakoakaz bat egin eta berehala ezagutuko dau Txarro, gizonkote zakar eta basatia. Gerrillearen nondik norakoak ikasiko ditu Babilek Txarroren alboan.
Lagun biok eta Bordeletik datorren Lauren gazte ilustraduak eginkizun berezi bat dabe: mugaldera joan eta merkatariak ikaratzen dituan bidelapurra topetea. Zeregin horrek gorabeherak eta abenturak bata bestearen atzetik ekarriko deutsez, potereen eta armen aurrean herritar arruntak galtzaile izaten dirala erakusten deuskuenak. Napoleonen garaiko Nafarroako kolore eta usainak zehaztasunez batu ditu Irisarrik nobela honetan, Elkar argitaletxearen arabera.
Liburuaren aurkezpenean Irisarrik azaldu dauenez, Napoleonen sasoiko gerra girora jo dau, gure historian pixka bat ahaztuta geratu dan gaia dalako. Kontraste handiko momentua izan zan Hego Euskal Herrian, erregearen eta eleizearen potere mugabakora ohitutako herritarrek Frantziako Iraultzearen giroa ezagutu ebelako tropa napoleonikoek aurrera egin ahala.
Iñaki Irisarri Pellejero (Iruñea, 1969) betidanik ibili izan da letren munduan, ...eta infernuko demonioa adiskide lehenengo nobelea dauen arren. Itzultzaile izan zan, sari literario batzuk be irabaziak ditu, baina, gaur egun, autogintzearen industrian egiten dau lan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!