'Nikola', Errenterian, Niessenen, aurrestreinauko dabe zezeilaren 4an

Bizkaie! 2021-02-01 11:53   Kulturea

Arratsaldeko 18:30ean, aurrestreinauko da Atalak Sarearen obra koreografikoa.

Nikola, Carmen Larrazen obrea, 2020ko irailetik 2021eko zezeilera bitartean Atalak Sarean lantzen egon diran produkzino koreografikoa da. Sartzea doban da baina gonbidapena jasoteko izena emotea beharrezkoa da hemen.

2019ko zemendian, Atalak Sarearen barruan egindako esperimentazino-laborategian, Carmen Larraz inspirazino-iturri baten bila hasi zan.

Artearen bidez zientziak jorratutako kontzeptuak zelan adierazo behar diran ikertu gura dot, kontzeptu horreek edertasun handia gordeten dabe berez, eta bizitzeari begiratzeko dogun modua aberasten dabe, azaldu dau Carmen Larrazek.

Prozesu horretan, Larraz, Jantzazeko jantzariakaz eta Dinamo Janza taldeko Martin Los Arcosegaz batera ibili da. Aldi berean, Nikola Teslari, zientzialariari eta artisteari, erreparau deutso. Zientzialari bikaina izateaz gan, Nikola Tesla persona karismatiko eta altruistea izan zan eta irudi bikainak eta poetikoak itxi zituan. Nikola produkzinoak elektromagnetismoaren irudi eta idea horreek hartu eta koreografia-konposizinoetara eroaten ditu, giza hartu-emonen irakurketa desbardinak egiteko. Horretarako, Jantzazeko jantzariakaz izan dauen lankidetzea sano garrantzitsua izan da, hareen esperientziek eta ibilbide artistikoak ekarpen personalagoa egin deutse prozesuari.

Produkzino koreografikoko egonaldirako, Atalak Sareak, Carmen Larrazen esku jarri ditu Jantzazeko kideez gan, Adriana Pous eta Idoia Zabaleta. Horreek koreografia laguntzea eta aholkularitzea eskaini deutse eta Hilario Rodeiro musikagilea, Saioa Matxain jantzi-diseinatzailea eta Alberto Arizaga eta Asier Gómez (Eragin Stac) argiztapen-diseinatzaile be ibili dira.

Carmen Larraz

PARTS-en jaso zuen prestakuntzea, Xgroup-en. Ondoren, hainbat konpainiatan egin dau jantzan: Frey Faust, Deja Done, Rital Brocante, EN-Knap Iztok Kovac, Salva Sanchis. Era berean, David Zambranorentzat be jantzan egin dau The Rabbit Proyect-en, Bertha Bermudezentzat Belleza Robada-n eta Marta Coronadorentzat El Silencio de las Flores-en. 2013an, Dinamo Jantza konpainia sortu eban Iruñean. Konpainia horregaz hainbat ikuskizun estreinau eta nazinoarteko hainbat bira egin zituan. 2016an, bigarren saria irabazi eban Solo Dance Contest Gdansk-en, Dynamo bakarlari lanari esker. Madrilgo koreografia sarietan haren Luces y Sombras bikoteak saria jaso eban. 2017an, Iruñeako Udalaren sorkuntza saria irabazi eban, Transoceánica lanari esker eta 2019an, Elektrical Body lanarengaitik.

Beste alde batetik, Atari zabaleko jantzako Danzad, Danzad, Malditos jaialdian arte sortzailea eta zuzendaria da. Jaialdia 2016tik egiten da Iruñeako Antxinako harresian. 2019an, La Faktoria Nazinoarteko Koreografia Zentroa sortu eban Noainen (Nafarroa) eta Marta Coronadogaz eta Laida Aldazegaz batera zuzentzen dau. Oro har, jantza garaikidea eta inprobisazinoa erakusten ditu eta burruka arteak ikasten jarraitzen dau. 2018an, Larrazek Atalak sorkuntza laborategietan parte hartu eban sorkuntza proiektu barriaren gaia bertan landuz.

Atalak Sarea

CCN Malandain-Ballet Biarritz, Baluarte Fundazinoa, Tabakalera, Gipuzkoako Jantzagunea eta Vitoria-Gasteizko Antzerki Sarea artikuletan dituan mugaz gaindiko sare horretako taldeburua da Jantzaz. Horrezaz gan, gero eta kolaboratzaile-sare zabalagoa dau, besteak beste, Jantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Jantza Goi Mailako Eskolea, Azala kreazino-lanerako espazioa, Vitoria-Gasteizko Jose Uruñuela Udal Jantza Konserbatorioa, ERESBIL, Nafarroako Musikearen Euskal
Artxiboa eta SGAE Fundazinoa.

Gure Euroeskualdean jantza garaikidearen sektorerako aukerak sortzea da Atalak Sarearen helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu