'Krisia gainditzeko balioak' nabarmendu ditue Sabino Arana Sarietan

Bizkaie! 2021-02-01 07:55   Pil-pilean

Remei Sipi, José Barreira, Amaia Gorostiza, Juan Antonio Urbeltz eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia omendu ditue aurten.

Arriaga Antzokian egin beharrean, Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan eta aforo mugatuagaz egin dabe 2020ko Sabino Arana Sariak emoteko ekitaldia, Covid-19ari aurre egiteko neurriakaitik. Halandabe, urteroko hitzorduak ez dau hutsik egin, eta beste bost norbanako eta erakunde batu dira 32 edizinootako 180 irabazleen zerrendara. Remei Sipi, José Barreira, Amaia Gorostiza, Juan Antonio Urbeltz eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia izan dira aurtengo irabazleak.

Fundazinoko presidente Mireia Zaratek gidatutako ekitaldian, Covid-19ak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta soziala izan da aitagai nagusietako bat, ezinbestean. Alkartasunezko eta itxaropenezko mezua zabaldu dau Sabino Aranako ordezkari nagusiak: Alkartasuna eta hurrekotasuna adierazo nahi deutsegu maite izan daben personaren bat galdutako norbanako eta familiei, eta adinekoak be gomutau nahi doguz beren-beregi, horreexek doguzalako Covid-19aren ondorioek gehien zigortutakoak.

Era berean, gazteen alde be egin dau Mireia Zaratek, gitxiengo berekoi baten erruz, kolektibo seinaladua bihurtu dalako. Gazte arduratsuak, sutsuak, ekintzaileak eta solidarioak izaten jarraitu behar dogu. Birusa gure bizitzea guztiz baldintzatzen dabil; baina pandemia honek ez deusku gaztetasuna ostuko, ezta gure etorkizuna kenduko be.

Pandemiak eragindako krisi sakon honen aurrean, Sabino Arana Sarietako bost sarituen ezaugarri diran balioak nabarmendu ditu Zaratek. Adorea, lidergoa, aurrendaritzea, zuztarrak eta konpromisoa dira horreek balioak; Zarateren esanetan, krisi hau gainditzeko aukerea emongo deuskue

Sariak emoteko ekitaldia Arineketan bikoteak girotu dau. Jagoba Astiazaran (txistua) eta Iñar Sastre (pianoa) dira bikoteko kideak, eta Agurraz jolasean piezea eta Uzturre eta Belauntxingoa jantzen arteko nahastea jo ditue. Juan Ignacio Iztuetak orain dala 200 urte inguru sortutako kopla bat be kantau dau Astiazaranek. 

Hona hemen bost sarituen ibilbidea:
 
- Remei Sipi idazlea da, eta Afrikako emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea. E'Waiso Ipola alkarteko bultzatzaile eta idazkaria da, eta horren bidez harrerea egiten deutse Espainian bazterkeria egoeran dagozan emakume afrikarrei. Ekuatore Ginea inguruan bizi dan bubi etniakoa da, jatorriz, Remei Sipi.
 
- Jose Barreira enpresaburu galiziarra da, baina 40 urte daroaz Euskal Herrian bizi izaten. Sektore askotan ekimen arrakastatsuak jarri ditu martxan: garraioan, logistikan, siderurgian, energia barriztagarrietan, ostalaritzan eta hoteletan. Ekintzailetzarako dauen talentuari esker, Barreira erraz hurreratzen da euskal gazteakana, eta berbaldiak be emoten ditu hareentzat. 
 
- Amaia Gorostiza be enpresaburua da, baina Eibar futbol taldearen presidentea be bada azkenaldion. Enpresearen munduan zein futbolean egindako kudeaketa bikainagaitik emongo deutse saria. Gogoan izan behar da, 80 urte bete barri dituan Eibar kluba ondo finkatu dala gorengo mailan, gizonezkoen zein emakumezkoen arloetan.
 
- Juan Antonio Urbeltz, bestetik, bizi osoan ibili da euskal folklorea, tradizinoa eta jantzak batzen, eta horreek gizarteratzen. Tradizinozko herri kulturea ikertu, aztertu eta zabalduz, 50 urtean egindako ibilbide oparoagaitik sarituko dabe. Liburu ugari ditu argitaratuak, batez be, jantza tradizionalen eta jai herrikoien ingurukoak.
 
- Bilboko Mediku Zientzien Akademia, dagoeneko 125 urte dituan erakundea, lehen mailako erreferente soziosanitarioa dala dino Sabino Arana Fundazinoak. Hori guztia, Akademiako partaide diran mila mediku, erizain, albaitari eta ganerako adituen lan eskuzabalari esker lortu dala ganeratu dau. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu