Artium Museoak Juncal Ballestínen 'Bizitza ariketa gisa' erakusketea aurkeztu dau

Bizkaie! 2021-01-29 13:36   Kulturea

Gaur, urtarrilak 29, ateak edegi eta maiatzaren 16ra arte egongo da zabalik.



Juncal Ballestínek (Vitoria-Gasteiz, 1953-2015) serieka antolatutako lan multzoetan egituratu zituan obrak eta, hain zuzen be, artisteak erabilitako sailkapena errespetau da Artium Museoko erakusketa honetarako: multzo nagusi bi dira, bat artistearen pinturako serie nagusian oinarritua eta, bestea, zenbait objektu serie batzen dituana. Multzo nagusi bi horreei gehitu jakez, gainera, inongo serietan txertatuta egon ez arren artistearen ibilbidera hurreratzeko oinarrizkoak diran zenbait obra. Anesvad Fundazinoaren (Ballestín-en legatuaren oinordekoa) lankidetzeari esker egin da erakusketea eta Fernando Illana da komisarioa.

Garai haretan Bilboko Arte Eder Goi Eskola deitutakoan ikasi eban Juncal Ballestínek. Haren lanaren ezaugarri nagusia, erabilitako material, bitarteko eta tekniken aniztasuna da: pinturea, marrazketea, instalazinoa, bideoa, obra grafikoa zein bestelakoak sailetan egituratuta dagoz eta horreen artean, denporan zehar izandako iraupena eta garrantzia kontuan izanda, nabarmentzekoa da Pintura. Apología, 1975-2013. Uko egiten eutsen berbei artearen lana ulertzeko bitarteko legez, baina Amarika aretoko erakusketearen katalogoan —1993, komisario-testu barik—, bere lanera hurreratzeko behar, sensazino eta materialei buruzko ohar batzuk itxi zituan idatzita:

Gu guztion denporea gehiegi errespetetan dot. Beti eskertu izan dot berben argitasun laburra. Nahiago dot irudia zabal eta libre itxi. Nire lanak sorrarazoten dituan prozesuaren nondik norakoa eta zergaitia azaltzea besterik ez jat beharrezkoa iruditzen, serieak idea errazen bidez aurkeztea. Objektu eta materialetako batzuk halanbeharrez heltzen dira niregana, eguraldi txarrak ekarrita (haizeak arbola bat bota eta, haregaz batera, ha besarkatzen dauen huntza jausten da). Beste batzuk, landa-lanak dirala eta, inausketa edo orturako zurkaitzak bilatzea. Edo, akaso, lagun batzuen idorokundeagaitik agertzen dira, izan be, nire lan egiteko modua ezagutzen dabe eta askotariko elementuak erreskatetan ditue edota han edo hemen eskura dagozala jakinarazoten deustie. Materialetara heltzeko ausazko modu hori eta hareek lantzeko nahia ez dira beti zuzeneko fenomeno azkarrak, gehienetan objektu horreek urteak itxaron behar izaten ditue biltegian barriro topau arte. Orduan sartzen dira planteautako margolan-serie batean edo bestean.

Lan geldia, gaur egun ezarritako ekoizpen-modu eta erritmo zorabiagarriakaz zerikusirik ez dauena,  Artearen ohiko zirkuituetatik urrun, Juncal Ballestinek geldotasunaren eta kontenplazioaren inguruan oinarritu dau bere lana. Prozesuak interesetan jakoz eta haren begirada gogoetatsuak jarten dau esperientzia estetikoa: hemen naz orain, artisteak Trayecto galerian egindako bakarkako azken erakusketetako baten harira sortutako testuetako batean aitatzen zan hori.

Erakusketako ibilbidearen abiapuntu modura, izenbururik bako bideo bat erakusten da horma baltz batean eta hor ikusten da pinturea gainalde batean behera isurtzen. Erakusketako espazio nagusian, Pinturas lacustres multzoa (2004) ikusi daiteke, papel gaineko 10 margolaneko serie bat, baita pinturea ardatz daben zenbait instalazino be, besteak beste, Lo último que se pierde I (1997-1998), El explorador 6 (1991) eta Desnudo en la alfombra (1986). Espazio horretan bertan, Juncal Ballestínen jatorriaren eta prozesuaren barri emoten dabe zenbait objektu eta instalazinok; horreen artean dira Violencia sin límite serieko lanak, adibidez Pasa por el aro (1999) eta Sin título (machete) (1998); Objetos con carácter seriekoak, esaterako A Frida (1999), A Meret (1996) eta Sopa de ganso (1998); eta Cobres seriekoak, baita serieetan txertatu bako piezak be, berbarako, El arco y el triunfo (1994), Naturaleza muerta (1986) eta Sin título (espiral de latón) (1986).

Nabarmentzekoak dira Vitoria-Gasteizko Eder Arte galerian (1978), Bilboko Rekalde galerian (1979) eta Araba aretoan (1980) egin zituan bakarkako lehen erakusketak. Ondoren, Amarica Aretoan (1993), Galería CM2-en (1996), Trayecto Galerian (1998, 2005 eta 2008) eta Montehermoso Kulturunean (2008) ere egin zituen. Haren lanak Artium Museoko, Vitoria-Gasteizko Udaleko, Vital Fundazinoko eta Liburutegi Nazionaleko bildumetan dagoz.

Kontuak kontu, erakusketa aretoa zabalik egongo da 12:00etatik 21:00etara.

Museoaren aforoa mugatua izango da, erakunde ofizialek emondako jarraibideak betez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu