'Bilbo eta pintura'
2021-01-29 07:50 Kulturea2021eko urtarrilaren 29tik abuztuaren 29ra, Bilboko Guggenheim Museoan.
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Bilbo zabaldu egin zan, esangura guztietan egin be (maila urbanistikoan zein industrialean) eta hori pintura-arloan islatu zan. Obrek era askotako eszenak irudikatzen ditue, besteak beste, itsasadarreko itsasontziak eta terrazak, merkataritzako burgesiaren eta baserritarren bizimodua, herriko jaiak, kirol barrietako heroiak eta arrantza-portuetako eguneroko zereginak.
Itsasoa eta itsasontziak behin eta barriro agertzen dira Bilbori buruzko mende-aldaketako margolanetan; artista gehienek horreen kolorea jaso gura izan eben eta uribilduaren merkataritzarako eta kulturarako eben oinarrizko garrantzia adierazo.
Guggenheim Bilbao Museoak Kosme de Barañano komisarioaren zuzendaritzea dauen Bilbo eta pintura dakarsku, Iberdrolaren babespean. Erakusketako margolanak egin zituen artistek Bilbon lan egin eben XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, baina Parisen ibiliak ziran eta Frantziako inpresionismoaren eta abangoardien modernidade-ideak txertatu zituen. Fin de siècle dalakoan, Bilbo Espainiako uri oparoenetako bat bihurtu zan, bai ontzi-industriari eta industria siderurgikoari esker, bai bertako jarduera komertzialari eta banku eta kultura-jarduereari esker. Sasoi haretako bilbotarrek aurrera egiteko nahia eta borondate praktikoa eben, guztientzat etorkizun hobea lortzekoa; baeben zeozelako enpatia bat zoritxarrez ezerezean geratu zana 1936an Gerra Zibila hasi zanean.
Erakusketeak Bilboren historiako askotariko momentuak irudikatzen eta kontzeptualizetan ditu, horma-irudi piktoriko handien bidez; irudi horreetan, eszena ugari agertzen dira, besteak beste, itsasadarreko ontzi komertzialak eta aisiarako terrazak, burgesen eta baserritarren bizimodua, arraunlariak, itsasoko burrukak eta heriotzea, kiroleko heroiak, arrantza-portu bateko eguneroko zereginak eta eleizate bizkaitar bateko erromeriak.
Erakusketearen sarrerako espazioan, bisitaria XIX. mendeko Bilbon sartuko da, eskala handiko argazki-kopien bidez eta Paco Durrio eskultore bilbotarra be testuinguruan jarriko da, horixe baita XX. mendean Espainian egin zan arte publikoko eskultura garrantzitsuenetako baten egilea: Juan Crisóstomo de Arriagaren monumentua. Musikariari eskainitako eskultura hori Bilboko Arte Eder Museoaren aurrean dago eta musikaria irudikatu beharrean, haren lana eta haren heriotza goiztiarra sinbolizetan ditu. Durrio oso garrantzitsua izan da artearen historian: Paul Gauguinen testamentu-betearazlea izan zan; Gauguinek bere obra piktoriko guztia itxi eutson 1895ean Polinesiara azkenekoz abiatu aurretik. Bestetik, Gauguinen barrikuntzearen lekukoa Pablo Picasso gazteari pasau eutson; Picasso Parisera heldu barria zan 1901ean eta Durriok bere estudioa itxi eutson.
Lehenengo aretoan, Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaga, Anselmo Guinea, Manuel Losada eta José Arrueren zenbait obra dagoz eta XIX. mende-amaierako Bilboren testuinguru ekonomiko, sozial eta urbano barria osotzen eben askotariko alderdiak aurkezten dituzte. Adolfo Guiardek 1886an egin zituan La ría en Axpe eta En la terraza obretan, itsasadarrean ainguratutako itsasontzien eta itsasoaren ikuspegiak eskaintzen ditue kanpoko portura edegitako bainuetxe baten terrazatik. Aitatutako koadro horreek Sociedad Bilbaina alkartearen egoitzan eskegita egoten dira, izan be, aitzindaria izan zan artistei babesa eskaintzen 1839an sortu zanetik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!