Albaola Faktoria itxi egingo dabe behin-behinean
2021-01-28 09:37 KultureaPandemiagaitik ezin dabe bisitaririk hartu, eta horrek jarduera etetera bultzatu ditu.
Urteetako lana albo batera itxi, eta ateak zarratuko ditu Pasaiako Albaola Itsas Faktoriak, pandemiak eragindako oztopoei aurre egin ezinda. Hori bai, behin behineko itxierea da, egoereak hobera egiten dauenean jarduereari berrekitea da asmoa. Osasuna babesteko neurri zorrotzek bultzatu ditue Albaolako arduradunak erabagi gatx hau hartzera.
Izan be, bisitariak hartzeagaitik lortutakoak dira Albaolaren diru-sarreren % 40. Martian konfinamendua hasi zanetik, oztopo ugari izan ditue publikoa behar dan moduan hartzeko, baina zelan edo halan konpondu dira: itxialdiaren ostean, barriro ateak zabaldu eta udan bisita ugari izan zituen, Gabon bueltan be ondo ibili dira... Baina urtarrileko eguraldi txarragaitik kopuruek behera egin dabe, eta orain indarrean dagozan neurriakaitik (aforoa, udalerritik ezin urten), ia ezinezkoa da publikoa hartzea.
Horrenbestez, diru-iturri nagusietako bat galduta eta, ganera, Albaolan egiten dan guztia erakutsi ezinda, Itsas Faktoriako lana eten eta ateak ixtea, beste erremediorik ez dabe izan. Proiektuari bizirik eusteko bisitari kopuru nahikoa hartu ahal izango dabela bermatu arte, zarratuta egongo da.
Dana dala, barri positiboak be emon ditue Albaolakoek. ontzigintza eskolea zabalik egongo da, beraz, belaunaldi barriei formakuntzea emoten segidu ahal izango dabe. Horrezaz gan, babesleen aldetik be ederto hasi da 2021a. Gero eta erakunde publiko zein pribadu gehiagok babesten dabe Albaola, eta horri esker eutsi deutse zabalik ontzigintza eskoleari.
XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplikea egiten dabiz Albaolan, orduko teknikak eta materialak erabilita. Horren inguruan, euskal ontzigintza tradizionalaren barri emoten dauen ekipamendu kultural ikusgarria atondu dabe: ontziak egiteko prozesu osoa bertatik bertara ezagutu leiteke, beharginak lanean ikusi, historia ikasi... Dana Pasai San Pedroko paraje eder baten.
Babesleei eta San Juan Lagun txartela dabenei eskerrak emon deutsez emondako laguntzinoagaitik. Gogor jarraituko dogu lanean, Faktoriako ateak ahalik eta lasterren barriro zabaltzeko, ziurtatu dabe Albaolakoek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!