65 miloe hiztegi-konsulta eta 12 miloe itzulpen-eskaera jaso ditue

Bizkaie! 2021-01-27 11:53   Kulturea

Elhuyarrek 85 bezerori baino gehiagori emon deutse zerbitzua.

Elhuyarren Hizkuntza eta Teknologia arloko zerbitzuek harrera ezin hobea izan dabe 2020an eta sekula baino erabiltzaile gehiago izan ditue. Elhuyarren hiztegien webguneak 6.572.547 bisita izan ditu eta 64.985.491 konsulta egin ditue erabiltzaileek, 2019an baino % 11 gehiago.

Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztunak, barriz, 1.776.767 bisita izan ditu eta 12.180.660 itzulpen-eskaera jaso ditu. Danetara, 287.949.688 berba itzuli ditu: % 58 gaztelaniatik euskerara, % 17 euskeratik gaztelaniara, % 8 gaztelaniatik katalanera, % 8 gaztelaniatik galegora, eta % 9 beste hizkuntza-bikoteen arteko itzulpenak izan dira.

Zerbitzua emoteaz gan, baliabideak eguneratzeko eta hobetzeko erabili dau Elhuyarrek 2020. urtea, aurreko urteak bezela. Holan, hiztegien webgunean, lehendik egozan 963 hiztegi-sarrera eguneratu eta 1.223 barri gehitu ditu; tartean, COVID-19agaz lotutako hiztegi bat osotu dau: https://labur.eus/Elhuyar_COVID-19.

Horrezaz gan, itzulpen-zerbitzu profesionalak EN ISO 17100: 2015 kalidade-ziurtagiria barritu eta trebatzaileek 36 trebakuntza- saio emon deutsee Elhuyarretik kanpoko itzultzaile profesionalei. Urtero legez, arlo askotako lanak itzuli ditue hainbat hizkuntzatara, besteak beste, testu administratiboak, publizidade-testuak, software-lokalizazinoak eta gai zientifiko-teknikoetako unibersidade-liburuak eta DBH eta Batxillergokoak.

#ElhuyarrenGomendioak

2020an, #ElhuyarrenGomendioak izeneko ekimen barri bat jarri dabe martxan. Ekimen horren bitartez, euskerearen erabilera egokiagaz lotutako gomendioak
argitaratzen dira sare sozialen bidez eta zabaldutako gomendio guztiak hemen, konsultetako aukerea dago.

Horregaz batera, COVID-19aren pandemia hasi zanetik, ahalegin berezia egin da horri buruz idatzi edo berba egin behar ebenei terminologia eguneratua eskaintzeko eta egindako lanaren erantzun bikainaren erakusgarri da hiztegietako konsultetan egin daben igoerea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu