Loraldiak Txomin Heguy aktorea omendu dau Anton Abbadia antzeztu dauen azken saioan
2021-01-25 08:24 KultureaLoraldiak omenaldi publikoa egin deutso Txomin Heguyri, Iparraldean erreferentzia dan benetako kulturgileari.
Loraldiak omenaldi publikoa egin deutso Txomin Heguyri, Iparraldean erreferentzia dan benetako kulturgileari. Antzezpenaren amaierako ekitaldi xumean, makila bat erregalau eutsen eta Olatz Beobidek, Oier Guillamek eta Imanol Agirrek berba batzuk eskaini eutseezan.
Loraldiak sortu eban lan hau 2018an eta Metrokoadroka Sormen Lantegiak eta Chimèresek parte hartu dabe produkzino horretan. Ordutik, Txomin Heguyk Abbadia interpretau eban. Orain aktore lanari agur esango deutso.
Abbadiaren irudia ezagutzera emoteko asmoz Loraldiak sortutako lan honek Euskal Herriko ia herrialde guztietan birea egin ahal izan dau, Loraldiaren, Metrokoadroka Sormen Lantegiaren eta Chimères antzerki konpainiaren lankidetzeari esker.
Abbadia esploratzailea, geografoa, astronomoa eta XIX. mendean euskal kulturea bultzatu eban kultura gizona izan zan, Abbadia izan zan 2015etik Bilbon egiten dan Loraldia Jaialdiaren inspirazino-iturria.
Txomin Heguyri omenaldia
Omenaldia Heguyren azken saioaren ondoren egin eben, Donostiako Antzoki Zaharrean. Antzezpenaren amaieran, eszenatokira igon ziran Oier Guillán, Metrokoadroka Sormen Lantegiko zuzendaria; Olatz Beobide aktorea, Heguyrekin tauletan ibili dana; eta Imanol Agirre, Loraldiako ordezkaria.
Berba batzuk esan zituen Heguyren lana goraipatzeko, alkarregaz bizitako momentuak gogoratzeko eta euskal kulturearen transmisinoaren aldeko lana eta Loraldiagaz egindako kolaborazinoa eskertzeko, urte bi horreetan Abbadia herri askotara eroanez Euskal Herri osoan zehar. Bide hori 2018ko martian hasi zan Bilbon Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara Arriaga Antzokian estreinau ebenean eta Donostian amaitu zan zapatuan.
Lankidetzearen oroigarri makila bat erregalau eutsen Txomini, Ezina eginez egina inskripzinoagaz.
Anton Abbadia: Dublinetik Hendaiara
Antzerkia eta musikea buztartzen dituan formatu txikiko ikuskizuna da. Txomin Heguy aktoreak hiru musikari ditu alboan: Xabi Zeberio (nyckelharpa, biolina eta kalimba); Mixel Ducau (gitarrea eta klarinetea); eta Alaia Phillips Ducau, abeslaria.
Loraldiaren produkzino propioa da, Chimères antzerki taldearen eta Metrokoadroka Sormen Laborategiaren laguntzeagaz sortua, Oier Guillanen zuzendaritzapean.
Musikea antzezpenaren soinu-banda bihurtzen da eta historian gogoratuko diran lekuetako batzuk ekarten ditu gogora, besteak beste, Irlanda, Brasil, Etiopia, Paris eta Zuberoa.
Txomin Heguy
Txomin Heguy ibilbide luzeko kultur sortzaile, abeslari, aktore eta idazlea da. 1977an hasi zan amateur, Hazparneko Bordaxuri antzerki taldean. 1997tik antzerkigile eta abeslaria da Biarritzeko Chimères antzerki konpainian. Antzerki irakaslea, antzerki proiektuen kudeatzailea eta antzerki lanen zuzendaria be izan da.
1981etik 1982ra Kemen taldeko abeslari izan zan (Peio Serbielle, Xan Othabure, Marie-Jeanne Davant, Beñat Davant); eta geroago Belardin, 2000 eta 2004 artean, Frantxua Cousteau, Marie Hélène Estecahandy eta Karlos Gimenezegaz batera.
Kulturearen sustapenari jagokonez, proiektu askotan parte hartu dau: 1883 eta 1988 artean Eihartzea Kultur Etxearen sortzaile eta lehendakari izan zan Hazparnen. 1982tik 1985era Zurkaitza alkartearen sortzailea izan zan, iparralden euskal musikaren jaialdiak antolatuz.
1990 eta 1997 artean Euskal Kultur Erakundeko lehen zuzendaria izan zan.
Idazle eta itzultzailea izan da hamarkada bi baino gehiagoan eta hainbat antzezlan itzuli eta egokitu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!