Artium Museoak eta Barrutia Ikastoleak lankidetzan jarraituko dabe 2021. urtean
2021-01-21 11:07 KultureaEusko Jaurlaritzako Magnet-Erakarri programearen barruan.
Artium Museoa eta Barrutia Ikastolea 2019-2020 ikasturtetik dabiz alkarregaz beharrean Magnet-Erakarri programearen barruann. Lankidetza-proiektuaren lehen ikasturtean, askotariko jarduerak eta tailerrak egin zituen Barrutia Ikastolako ikasleek eta aukerea izan eben hainbat musikari, artista, ilustratzaile eta zinemagilegaz ibilteko; jardueron emoitzea izan zan Museoko A4 aretoan zemendian atondutako erakusketea.
Magnet-Erakarri Eusko Jaurlaritzeak sustatutako hezkuntza proiektu pilotu bat da, Gasteizko Udalak babestua. Proiektu horretan, lankidetzan ibiliko dira ikastetxe bat –Barrutia Ikastolea– eta ospe handiko erakunde bat Artium Museoa. Aliantza horren bidez hezkuntza proiektu barritzaile eta erreferentziazko bat eregitea da helburua eta, horretarako, erakundeek alkarregaz lan egingo dabe 3 urtez, eskola curriculuma lantzeko artea erabiliz, artea ulerturik irakaskuntza jardunerako tresna metodologiko modura. Ikasleen hezkuntza emoitzak hobetzea eta eskolearen eta hurreko ingurunearen arteko integrazinoa sendotzea helburu harturik, danon erantzukizuna baita hezkuntzea.
Ikasturtean eta Museoan 2020ko udabarrian egin behar izan zan etenaldiaren ondoren, 20-21 ikasturtearen hasieran barriro martxan jarri ziran Magnet-Erakarri jarduerak, hain zuzen be, ikasturtearen lehen hilebeteetan; Ikastolako irakasleek prestakuntza teoriko eta praktikoko saioak jaso ditue Museoan, klaustroak eskola curriculumaren eta Artiumek eskainitako praktika artistikoen eta edukien arteko lotura naturalizetako asmoz. Saio horreei jagokenez, aitagarria izan da aurrerago jarraipena izan dabela Ikastolan bertan, han landutako gaiei buruzko informazinoa eta ezagutzak trukatzen jarraitu dabelako irakasleek.
Ikasleek egindako lanari jagokonez, Raisa Álava artistak tailerrak egin ditu Lehen Hezkuntzako maila guztietako ikasleakaz eta, amaitzeko, fanzine bat osotu dabe, Sansomendi auzoan Barrutia Ikastolearen jardueren barri zabaltzeko. Hain zuzen be, ikastetxearen eta haren gizarte-ingurunearen arteko loturea estutzea da Magnet-Erakarri programearen helburuetako bat eta helburu horretan lagunduko dau fanzineak; leitekeana da, gainera, ikasturte honetan eta datozenetan jarraipena izatea, Ikastolako irakasleen eskutik.
Ume Hezkuntzako ikasleek jantza eta mobimentua ardatz zituen giza gorputzari buruzko tailerretan parte hartu dabe: Arantzazu Errasti izan dabe gidari eta osasun-egoera larriko testuinguruan bada be, helburu nagusia izan da arreta jartea gorputzaren existentziari eta espazioan mobiduteko eta eragiteko dauen moduari eta jaubetzea zelan izan daitekeen sentimenduak adierazoteko lagungarria.
Ikastoleak interneten eban presentzia barritu dau www.barrutia.eus webgune barriaren bidez. Gainera, jarduera guztiak bideoan dokumentetan dabiz, hiru urteko tartea hartuko dauen proiektu hau amaitzean film batean laburbatzeko egindako prozesua eta lortutako helburuak.
Azkenik, Barrutia Ikastolea eta Artium Museoa lantzen dabizen programearen barruan, ebaluazinoa egiten dabiz aztertzeko Magnet-Erakarrik zelako eragina izan dauen ikasleen hizkuntza eta komunikazino-gaitasunen arloan. Irudi batetik abiatuta –Museoan obra bati begiratzen deutsenean legez–, irudia deskribidu, interpretau eta beren bizitza eta gomutakaz lotzen dabe ikasleek. Azterketa horretako datuak batzeaz eta neurtzeaz Eusko Jaurlaritzako hezkuntza-barrikuntzarako Barritzegune zerbitzua arduratzen da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!