Asier Hernandez eta David Mangana, XVIII. Cafe Bilbao Teatro Sariko irabazleak
2021-01-20 12:23 KultureaKill, Ker eta Karma eta El muffin de Proust testu laburrak idatzi ditue.
Euskerazko modalidadean zazpi testu aurkeztu dira, eta gaztelaniazkoan hamabi, XVIII. Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko Sariketan. Kopuru polita, Mikel Martinez antolatzailearen ustez, halako lehiaketetan gatxa dalako lan asko jasotea. Tartean Teatroa eta Cafe Bar Bilbao dira sariketearen bultzatzaileak, eta antzerkigintzea sustatzea da helburu nagusia.
Formatu laburreko testuen sariketea danez, Mikel Martinezek adierazo dau idaztera animetako bizgarri txikia dala honako hau. Bestetik, antzerkigintzan idazleak egotea beharrezkoa da, gidoia ezinbesteko elementua dalako obra bat martxan jarteko: gidoia beti izaten da inportantea, parterik ikusgarriena ez dan arren. Ganera, teatro laburra gero eta sarriago egiten da, publikoagana heltzeko formatu aproposa dalako.
Aurkeztu diran guztien artean, epaimahaiak testu bi aukeratu ditu: Asier Hernandez donostiarraren Kill, Ker eta Karma euskerazko atalean; eta David Mangana gasteiztarraren El muffin de Proust gaztelaniazkoan. Beste hautagaien kalidadeagaitik, irabazleak aukeratzea gatxa izan dala aitatu dau Martinezek.
2013an hasi zan Hernandez testu irabazlearen lehenengo orriak idazten, baina gero luzaroan euki eban ordenagailuan gordeta, ikutu barik. Orain dala gitxi, barriro heldu eutsan lanari, haritik tiraka hasi, eta pertsonaiak euren kabuz hasi ziran berbetan, azaldu dau Hernandezek. Erraz osotu eban testua, gustura.
Kill eta Ker pertsonaiak dira Kill, Ker eta Karma-ko protagonistak. Ipuin bat kontetan hasi, eta beste kontu asko agertzen doaz istorioak aurrera egin ahala. Euskerea, politikea, karmea... Danetarikoak aitatzen dira testuan, baina modu absurduan, autorearen arabera. Aktorea da Hernandez, baina idatzi be egiten eban lehen. Idazteko zaletasuna berreskuratu dot, eta segiduko dot.
Hernandezi pasau jakon legez, David Manganari be ia berez urten eutsan testuak, goiz bitan idatzi eban El muffin de Proust. Aurretik idatzi dituan beste testu batzukaz alderatuta, oraingo honetan, hasierako idea bera da oso teatrala, eta hori liberazinoa izan da autorearentzat, argumentua eregi eta idaztea errazago egin jakolako. Pertsonaia bi, oholtzara atzez eta alde banatatik sartzen, alkarren kontra talka egin arte, horixe da testuaren abiapuntua.
Modalidade bakotxeko irabazleei 400 euro emongo deutsez, aurreko urteetakoaren erdia, Covid-19ak eragindako krisiak horretara behartuta. Horrezaz gan, testuok oholtzara eroateko deia egin dabe antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!