Ondarroako emakume kirolariak aztertuko ditu Lore Bengoetxeak
2021-01-20 09:38 KirolaUdalak 3.000 euroko bekea emon deutso.
Ondarroako kirolariak historian zehar egitasmoaren 2020ko edizinoari jagokon bekea Lore Bengoetxea kazetariarentzat izan da, Emakumeak eta kirola Ondarroan izenburupean aurkeztu dauen azterlanagaitik. Urtarrilaren 14an batu zan, Ondarroako Udalak deituta, bekearen balorazino batzordea, eta aho batez erabagi eban Bengoetxeari bekea emotea.
Honenbestez, aurkeztutako azterlan-proposamena amaitzeko sei hileko epea izango dau kazetari ondarroarrak. Horretarako, 3.000 euroko laguntzinoa emongo deutse bekearen bidez. Behin lana entregauta eta epaimahaiaren oneretxia jasota, Ondarroako herritarren aurrean aurkeztuko dau Bengoetxeak bere ikerlana.
Ondarroako kirola lehenago be aztertu izan dau Bengoetxeak, eta, beraz, ondo ezagutzen dauen gaia da. Oraingo honetan, Ondarroan emakumezkoen kirola zertan dan jorratuko dau, gizartearen beraren argazkia egiteko asmoz. Zertan huts egin dogun antzemongo dogu, eta horren aurrean neurriak hartzeko aukerea zabalduko da, azaldu dau kazetariak.
Ikerlanak gogoetarako atea zabalduko dauela ziurtatu dau egileak. Horrezaz gan, belaunaldi gazteen artean gaia landu eta bardintasunerako beste pausu txiki bat emoteko probetxuzkoa izango dalakoan dago.
Lore Bengoetxeak Ondarroako Udalaren beste kirol beka bi be jaso izan ditu aurreko urteetan. Lehenengoan, Ondarroa Arraun Alkartearen historia batu eban; bigarrenean, Jose Mari Naberanen bizitzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!