'Ilargi guztiak' 2021eko zezeilaren 19an estreinauko da zinema-aretoetan
2021-01-19 12:27 ZinemeaIgor Legarreta zuzendari bizkaitarraren 2. film luzea da.
Dagoeneko eskuragarri dago Ilargi Guztiak. Todas las lunas filmaren kartel ofiziala. Euskeraz filmauta, banpirismoaren mitoa hartu dau abiapuntu eta, zuzendariaren berbetan: Filmak tratamendu naturalistea eskaintzen dau, generoaren danon lekuetatik aldentzeko eta pisu dramatikoa narrazino existentzialean jarteko, izan be, 'Ilargi Guztiak' ez da bildurrezko filma. Kontakizun erromantikoa, drama fantastikoa da. Gogoetea egiten dau bizirauteko, transzendentzia eskuratzeko dogun desiraz, erlijino gehienek gizakiok fedeari emondako bizitzearen truke eskaintzen daben altxor horretaz. Izatearen itzalak urrundu eta heriotzearen aurreko bildurretik babestu nahi gaituen oparia da. Ikusi trailerra hemen.
Igor Legarretak Jon Sagalá (La sala, 2019; Bosque de sombras, 2006) gidoilariagaz batera idatzia, Ilargi Guztiak filmaren protagonista Haizea Carneros (12 urte) aktorea da eta hauxe dau bere lehen interpretazino-lana. Beragaz batera, hainbat interprete ospetsu dagoz, besteak beste, Itziar Ituño (La casa de papel, 2017-gaur egun; Loreak, 2014) eta Josean Bengoetxea (Oreina, 2017, Malas Temporadas, 2005). Gainerako aktoreak Lier Quesada (Un otoño sin Berlín, 2015), Zorion Eguileor (El Hoyo, 2019, Agur Etxebeste!, 2019) eta Elena Uriz (Akelarre, 2020; Tasio, 1984) dira.
Filmaren lantalde teknikoan gaur egungo zinematografia-industriako profesionalik ezagunenetako batzuk dagoz: Laurent Dufreche muntaketan (Goya saria, Handia filmagaitik), Mikel Serrano produkzino-diseinuan (Goya saria Handia filmagatik eta Ventajas de viajar en tren lanagatik proponidutakoa); Pascal Gaigne musikan (Goya saria Handia filmagatik eta beste hirutan proponidutakoa); Imanol Nabea argazki-zuzendaritzan (Cuando dejes de quererme, 2018); Alazne Ameztoy zuzeneko soinuan (Goya saria La trinchera infinita filmagaitik), Leire Orella jantzietan; Lola López eta Itziar Arrieta makillajean eta ule-apainketan (Goya saria jaso eben El orfanato filmagaitik); eta Ana Rubio, VFX gainbegiralea (Mientras dure la guerra, Intemperie).
Ilargi Guztiak Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris & Batty Films eta Ilargia Films produkzino-etxeen filma da eta Noodles Production (Frantzia) etxeagaz batera koproduzidu dabe. Partaide izan dira EiTB, RTVE eta Vodafone, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dau. Filmax arduratuko da Espainian banatzeaz eta nazinoarteko salmentaz.
Pasa dan zemendian filmaren aurrerapen bat eskaini eben esklusiban Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen 31. Astean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!