Jon Abril, Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez irabazle Tene Mujika Bekan
2021-01-18 13:27 KultureaAurten saria lan biri ex-aequo emotea erabagi da.
Jon Abril
Batetik, Jon Abrilek emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du; bestetik, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-bilduma bat landuko dabe.
Sari bat ez bi emongo ditu aurten Tene Mujika sariak. Euskal Herriko hurreko historiaz idazteko ez-fikzinoko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako beka honek. Aurten proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu dira eta horreen guztien artean saria lan biri ex-aequo emotea erabagi dau Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osotutako epaimahaiak eta Debako Udalak, barriz, saria bitan emon barik bikoizteko erabagia hartu dau: 6.000 euro irabazle bakotxarentzat. Orain urtebeteko epea izango dabe irabazleek nork bere lana egiteko eta 2022an liburu bi plazaratuko ditu Elkar argitaletxeak.
Erika Lagoma Pombar (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalar (Lesaka, 1975)
Eskuz esku ibiliko dira amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituan alkarrizketa-bilduma bat ontzeko. Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi eta superwoman-en amatasun neoliberaletik urrun, egungo sistemea dudan jarri nahi daben ama izateko modu desbardinak: askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez deutseenak. Hamaika bizipen, hamaika praktika, hamaika esperientzia. Eta horreen ondoan, beren aitatasuna feminismotik bizi nahi daben gizonezko biren kasuak.
Jon Abril Olaetxea (Bera, 1975)
Kazetari eta kultur dinamizatzailea da proiektu horreetako baten egilea eta Euskal Herrian emakumeek izan dituen lanbideen erakuspen zabal bat eskaini nahi deusku, Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian proiektuan. Lehendik be Nafarroatik Lapurdira neskame joaten ziran neskatxen historiak jorratu izan ditu eta orain, hari horretatik eta beste askotatik tiraka, antzeko istorio gehiago osotu gura ditu, alkarrizketa sakonen eta beste iturri batzuen bidez, guztira hamaika lanbide erakusteko gure geografia osoan zehar: meatzariak Gallartan, galletagileak Bilbon, konserbagileak Ondarroan eta Lodosan, metalurgiakoak Gasteizen, ehungintzakoak Bergaran, zigarrogileak Donostian, portuko langileak Pasaian, papel-fabrikakoak Atarrabian, neskameak Lapurdiko kostan, Seaskako lehenengo irakasleak Iparraldean, espartingileak Zuberoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!