Saioa Olmoren eskultura eta instalazinoak ikusgai dagoz BilbaoArten

Bizkaie! 2021-01-14 12:38   Kulturea

Zentroaren produkzino propioaren 2021eko lehenengo erakusketea da.

Saioa Olmo, erakusketako materialak preparetan (argazkia: BilbaoArte) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eskulturak eta soinudun instalazinoak oinarri, izakera intimodun erakusketea atondu dau Saioa Olmo artista bizkaitarrak BilbaoArten. Zezeilaren 12ra arte ikusi leiteke Xuxurlak, substratuak eta substantziak izeneko erakusketea, BilbaoArteko ekoizpen propiokoen artean lehenengoa 2021ean. Dana dala, 2020ko egitarauko azkena da berez, eta honen ostean hasiko dira aurtengoari jagokozan bakarkako zazpi erakusketak. 

BilbaoArten egindako egonaldian landu zituan Saioa Olmok erakusketako edukiak, igaz. Sortutako piezen eta soinu-mezuak jagoten dituen eta hareei arretea jarten deutsen personen arteko alkarreragina azpimarratzea izan da artistearen asmoa. Ekosistema artifizial bat aurkezten dau, agente batzuen eta besteen arteko mendekotasunean oinarritua, eta prozesu horretako eraldaketak aitatuz.

Deigarriak dira pieza batzuk, esate baterako, 300 kg-ko bedar piloa, plastiko arrosan gordea. Aretoaren erdian, bestetik, landare-liburu moltsoa jarri dau Olmok, etorkizuneko mezuak gordeteko teknologia biopoetikoa. Landara, arbola eta naturako elementuei lotutako beste objektu asko be badagoz.

BilbaoArteko erakusketa-aretoa (Urazurrutia kalean) arratsaldez egoten da zabalik, 17:30etik 20:30era. Sartzea doban da. 

Saioa Olmo Alonso (Bilbo, 1976) EHUko Arte Eder Fakultadean irakasle doktorea da, eta Wikitokiko bazkidea. Taldeko ekintza performatiboak, egunerokotasunetik baztertzeko gailuak, eraikuntza kolektiboko prozesuak, ibilbide gidatuak, instalazino interaktiboak, portaerak esploretako ikus-entzunezko formatuak eta halakoak landu izan ditu, gehienbat lankidetzeagaz, parte-hartzeagaz, komunikazinoagaz eta portaereagaz lotuta. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu