Eneko Garamendi eta Lur Uribarren, itsasoaren mailatik Manasluko Beheko Kanpalekura, negu gorrian

Amaia Larruzea 2020-12-30 09:58   Kirola

Jarraitu Alex Txikonen ibilerak hemen.

Ez da bape erraza izaten bizitzan aukerei heltzea, horreek buruhauste eta prestaketa bat eskatzen dabelako sarritan; halan da be, heltzen ez badeutsegu, ez dogu gure bidea egingo, ez dogu geure oraina nahi bezela eregiko. Beraz, askotan, bildurra eta ziurbakotasuna bidelagun hartu eta geure bidea egiten hasten gara. Horren adibide ditugu gaur berbagai ditudan lagun handi bi, ameslari handi bi: Eneko Garamendi basozaina eta Lur Uribarren arraunlaria.

Egun bizi dogun pandemia egoereak lehen sinbolikoak ziran muga guztiak harresi bilakatu ditu, noizbehinka, ostera, argi izpi bat be agiri da zeruertzean. Alex Txikon alpinisteak espedizino bat antolatzeko aukerea izan dau negu honetan eta, benetan, ez da bape erraza izan, baina 30 espedizinotik gora egindako mendizaleak esperientzia zer dan be badaki, beraz, dana atondu eta azken momentura arte, gora adi egotea, ez dago besterik.

Alexek beragaz joatea proponidu eustanean, ezinezkoa izango zala pentsau neban, itxialdian egon ginan, astetik astera protokoloa aldatzen joian eta bildurragaz emon dogu pausu bakotxa, bai hemen bai Nepalen, azaldu dau Uribarrenek.

Eneko Garamendi Lekeition bizi dan arren, lemoarra da Alexen moduan; haren eretxiz, hegazkina hartu baino egun bi lehenago PCR bat egin genduan Bilbon eta Kathmandura heldu eta bost egunera beste bat egin genduan Nepalen; orduantxe, danok negatibo emon ondoren, Behe Kanpalekuko trekking-ari ekin geuntsan.

Nepal, pandemiaren eta mendizaleen mobikortasun ezaren gatibu

Nepaldarrak gu baino momentu larriagoak biziten dagoz, mendizalerik ez jake joan, ez dabe beharrik izan eta pobrezia muga barik sentiduten hasi dira. Tristea da goi mendietan bizi diran herri txikiek diru-sarrerarik ez jasotea, gu saiatuko gara ahalik eta gehien laguntzen, espedizinoagaz lana emoten. Alex oso eskuzabala da horretan, beti saiatzen da zelan edo halan laguntzen, azaldu dau Lur Uribarren elantxobetarrak.

Enekok argi erantzun dau egoerea han oso larria dala: Gu joateak beharra ekarriko deutse, baina espedizino asko behar dira bertako egoerea hobetzeko. Seguru eskuzabalik hartuko gaituela eta ia egoerea hobetzen doan eta Nepal barriroz turistaz beteta ikusten dogun barriro, bertakoek diru-sarrerak izan deiezan.

Behe Kanpalekuko egunak, ikusgarriak eta gogorrak

Egunak luzeak izaten dira Behe Kanpalekuan, beti egoten da zeozer egiteko, baserri bategaz konparauko neuke, baina badira eguraldiak suetean edota norbere dendan egoteko momentuak be, haize eta eguraldi txarreko egunetan, batez be. Ereñon bizi dan elantxobetarrak adierazo dau azken aldien egin ditudan bidaietan, liburutxu bat eroan dot, eguneroko bat idazteko, igaz, Amadablameko eskaladako krokisak apuntau nituan, baita kanpalekuen arteko distantzia be. Eta aurten be holan egingo dot, nire abenturak eta sentipenak idazteak lasaitu egiten nau.

Lekeition bizi dan lemoarrak laugarren urtea dau Txikonegaz batera neguko espedizino batean eta ondo baino hobeto daki erropa barik ezin dala joan inora, sekulako hotza egiten dauelako han. Gainera, eguraldi eskaseko egunak oso luzeak egiten dira eta etxekoen eta lagunen barri jasotea ezinbestekoa da lasai egoteko. Egoera berezi honetan, gainera, informazinoa inoiz baino garrantzitsuagoa izango da, buruari buelta asko emongo deutsaguzalako; eta, zelan ez, ikurriña bat be ekarri dot, urtero legez.

Manaslu mendiko lehen neguko igoerea, jazoera historikoa

Badirudi, orain arte ez dala neguko igoera osorik egon Manaslu mendian, hau da, espedizino guztia neguan hasi eta amaitu danik. Beraz, saiatzea ez da txarra eta zorionez, tontorra zapaldu ezkero, historiaren parte izango da Alex Txikonen taldea. Enekok eta Lurrek euren aletxoa jarriko dabe, baina zein izango da,
zehatz, euren lana?

Erronka gogorra da neguko edozein mendira igotea eta gehiago zortzimilakoa bada, estrategia oso garrantzitsua da baina oso ekipo indartsua sortu dau Alexek, Simone Morogaz batu da barriro eta Iñaki Alvarez be mendizale aparta da eta lagundu egingo deutse goi parteko lanetan: Nire lana ekipetan laguntzea izango da, batez be, lehen kanpalekuetan eta, ahal bada, baita hirugarrenean be, baina nik lehenago egin beharko dot bueltea Euskal Herrira, beraz, ia zertarako astia dodan. Alexen aginduetara ahal dan gehien lagundu eta dana emon, horixe helburua, azaldu deusku Lur Uribarrenek.

Hori da, neguan bertan ez da igoera integralik egin, ia aurten lehenengoa dan eta gu bertan gagozan ospatzeko. Ni kozineru lanetan ibilten naz, baina Behe Kanpaleku batean lan asko dago beti egiteko, berogailua martxan jarri, eguzki plakak kontrolau, bateriak kargau, dana garbi izan, ordena jarri; nire beste arduretako bat plastiko eta lata guztiak bideratzea da, bertan ez baitogu ezertxo be ixten, mendia egoan lez ixtea da gure helburu nagusietako bat beti, azaldu deusku Eneko Garamendik.

Itsas mailatik, Manasluko Behe Kanpalekuraino, negu gorrian

Arraun munduan txikitatik ibili naiz, 8 urte inguru daukadazanetik eta suberte handia izan dot ze oso gazterik hasi nintzan goi mailako mendietara joaten eta hor jarraitzen dot oraindino. Mendia betidanik gustau izan jat, oinez, korrika, eskaletan... Elantxoben Ogoñoko pareta eder eta ezaguna daukagu. 2009.
urtean, nire lehenengo urtekerea egin neban Alpeetara, hango mendi batzuk eskalau eta asko engantxau ninduen, ordutik aurrera ahal neban aldiro, Piriniotara joaten hasi nintzan, beharragaz ta arraunagaz ez da erraza denporea ataratea baina saiatzen naz tarteak bilatzen. Azken finean, goi mailako talde baten patroi lanetan ibiltea lan garrantzitsua da, zeu baitzara ordenagailua darabilena. Ardura handia daukagu eta mendia terapia modura hartzen dot, lasaitasuna be eskaintzen deust erronka barrien bila joateak, azaldu deusku Lur Uribarren mendizale eta arraunlariak.

Laugarren urtea da Alexegaz Himalaiara noala, beraz, esperientzia apur bat be badot. Hidratazinoa ezinbestekoa da, egunean 3 bat litro edatea komenidu jaku eta, beraz, saldea eta zopea kozinetan ditut egunero eta pasta astean hiru bat aldiz jarteko ohiturea daukat, gaztaiagaz, tomateagaz, okela zatitxuakaz eta arrautza egosiagaz. Horrezaz gan, indabak, lentejak eta garbantzuak be preparetan ditut txorizo eta enparauakaz, astean 2 aldiz eta oilaskoa, mihina eta Tolosako txuletak eta okela ona be bai. Etxeko jatekoak egitea da nire betebeharra eta nik uste lortzen dogula eta oraingo honetan be lortuko dogula. Egun, oso ondo jan daiteke espedizino bateko Behe Kanpaleku batean, azaldu deusku Eneko Garamendi basozain eta sukaldariak.

Eneko Garamendi

Baasozaina da, eta laugarren urtez, Alex Txikonen bidelagun fidela izango da espedizioak iraun bitartean, Nepalen eta Pakistanen sukaldari lanetan ibilteaz gan, Behe Kanpalekuko koordinazino lanetan be ibilten da.

Lur Uribarren

Arraunlari profesionala da, goi mailako taldeen patroia, Kontxako Banderearen irabazlea Urdaibai taldeagaz eta denporaldi honetan, Kaiku taldeko patroi lanetan ibilteaz gan, mendi gidari izateko prestakuntza lanetan be badabil.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu