Euskal kulturea pandemiaren ondoren, Jakinen 241. zenbakian

Bizkaie! 2021-01-13 08:53   Kulturea

Idatziz zein irudiz egin dabe gogoetea hainbat lagunek.

Mundu osoa jo dauen pandemiak euskal kulturan be sakon eragin dau, hori gauza nabarmena da. Hortaz, Jakin pentsamendu-aldizkariaren zenbaki barriak gai potolo horri heldu deutso zenbaki barrian, 241.ean. Testua zein irudia erabilita, Covid-19aren ondorena jorratu dabe kulturgintzea hur-hurretik ezagutzen daben hainbat lagunek. Orain zer? galdereak zeharkatzen ditu zenbaki honetako artikuluak, aldizkariaren arduradunek azaldu dabenez.

Katixa Agirre idazlearena da 241. zenbakiko testu nagusia, akuilatzaile zein iradokitzailea, Jakinekoen esanetan. Hekatonbearen urtea: kultura, automaitasuna eta polimaitasuna da izenburua. Kulturearen balioaz, lekuaz, kultur profesionalen egoeraz, autopertzepzinoaz, aukerez... egin dau berba Agirrek, luze eta zabal. Ikus-entzunezkoetan 2020an egondako produkzino emonkorra ikusirik, baikortasuna eta autoestimua indartzeko arrazoiak badagozala uste dau idazle gasteiztarrak.

Kulturearen alorrean azkenaldion jazotakoak aztertu ditue, laburrago, Alberto Barandiaranek, Olatz Osak eta Xabier Landabideak, artikulu banatan. Bestetik, Itziar Ugarte kazetariak hainbat kulturgileren eretxiak batu ditu, Pandemiaren urtea kulturgintzan izenburupean. Castillo Suarez, Xabier Gantzarain, Igor Elortza, Edurne Azkarate eta Katti Pochelu ibili dira, Ugarteren gidaritzapean, gaiari ertzak ateratzen.

Berbek ez eze, irudiek be badabe adierazpenerako lekua Jakinen. 241. zenbaki honetan, gai nagusiari heldu deutse Eider Eibar, Dani Fano, Josevisky eta Nerea Unanue marrazkilariek. Horrezaz gan, kontrazala Unai Iturriagaren esku egon da, betiko legez.

Azkenik, Covid-19aren zurrunbilotik aparte, euskal liburugintzeak 2018an emondako guztiaren errepasoa egin dau Xabier Eizagirre Jakineko erredakzino-buruak. Sektorearen bidea zein dan patxadaz aztertzeko tartea hartu dau, Joan Mari Torrealdairi lekukoa hartuta. Urterik urte egiten eban euskerazko liburugintzearen errepasoa Torrealdaik, eta lan horri segidea emotea erabagi dau Jakinek, orain Eizagirreren eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu