Hemen da nesken artean bokazino zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko Inspira Steam proiektua
2021-01-11 12:27 Pil-pileanIa 120 ikastetxetako 5.000 ikaslerengana helduko da aurten.
Inspira Steam proiektua Deustuko Unibersidadearen ekimen bat da, eskolara dabizan nesken bokazino zientifiko eta teknologikoak sustatzen dituana. Asteon emongo deutse hasierea bosgarren edizinoari 120 ikastetxek eta 5.000 neska-mutilek. Programeak bere jarduereari eutsiko deutso koronabirusaren pandemia
gorabehera baina atzeratu egin behar izan da hasierea eta mugatu parte-hartzaileen kopurua.
Ekimenaren asmoa da neska-mutilek Steam arloko lanbideak ezagutzea (Zientzian, Teknologian, Injinerutzan, Arteetan eta Matematikan oinarrituak, ingelesezko siglak hartuta), arlo horreetan lanean dabizanen ereduaren bidez, batez be, makumeen bidez. Aholkulari horreek arduratzen dira ikasleei euren lanbidearen barri emoteaz, ekimenagaz bat egiten daben ikastetxeen eskola-ordutegiaren barruan.
Inspiraren bidez, lanbideen arloko bokazino barrien inguruko sensibilizazinoa eta orientazinoa neska-mutilen artean piztu nahi dira. Kontzientzia be sortu nahi da zientzia eta teknologia garapenaren inguruan, horretan emakumeek eta gizonek alkar hartuta jokatu beharraren inguruan eta, aldi berean, begien bistan jarri eta merezidu dauen balioa emon gura jake hurreko emakume profesional zientifiko eta teknologikoei.
Inspirak erantzun bikaina izan dau eta horren erakusgarri dira parte hartze kopurua, bai borondatez parte hartzen daben Steamk arloko aholkulariena, ikastetxeena eta ikasleena, baita proiektuaren zabalkunde geografikoa be: 2016-2017 ikasturtean, EAEko 17 aholkulari eta 11 ikastetxetako 220 neska izan ziran eta joan dan ikasturtean, barriz, 600 inguru izan zian, 16 bider gehiago ziran ikastetxeak eta 40 bider gehiago ikasle parte-hartzaileak.
Inspira proiektuak hezkuntza zientifiko eta teknologikoko jardunbide egokienen Steam Euskadi Sarien I. edizinoko saria jaso dau oraintsu Eusko Jaurlaritzearen eskutik. 2020ko zemendian emon euten autorpena unibersidade batek sustatutako genero ikuspegiko ekimenik onenaren kategorian.
Inspira Steam
Deustuko Unibersidadeak sustatzen dauen proiektu bat da. Innobasqueren babesa dau Euskadin, CIONET plataforma teknologikoarena Madrilen eta Rovira iVirgili, Vigoko, Oviedoko eta A Coruñako unibersidadeen laguntzea dau. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundien, BBK Fundazinoaren, Euskadiko Parke
Teknologikoak edo Donostiako Udalaren finantzazinoa dau, beste erakunde publiko eta pribatu batzuen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!