Imanol Rojo Tour de ski-ko azken proban 18. sailkatu da
2021-01-11 09:44 KirolaGaur nire emoitzarik onena egin ahal izan dot Munduko Kopan.
Imanol Rojok lan bikaina egin dau iraupen eskiko Munduko Kopako Tour de Ski probeak iraun dauen hamar egunetan. Zortzi lasterketa jokatu dira hamar egunetan, maila gorenean eta eskiatzaile tolosarrak ez dau huts egin. Rojok bere emoitzarik onena azken egunean lortu dau, Val di Fiemmen (Italia) jokatutako 10 kilometroko estilo libreko mass start lasterketan.
Tor de ski urtarrilaren 1ean hasi zan Val Müstairren (Suitza), estilo libreko esprint probeagaz. Hasieran ez zan fin ibili baina aurrerago goitik behera aldatu zan egoerea: urtarrilaren 2an, 37. izan zan 15 kilometroko mass start classic proban, ranking nagusian 39. postuan amaitu ebalarik. Estilo libreko 15 kilometroko jazarpenean 37. izan zan, baina Toblachera (Italia) aldatu zanean, Top 30ean sartzea be lortu eban. Imanolek 29. amaitu eban hasiera tarteetan dagoan 15 kilometroko estilo libreko lasterketea eta sailkapen nagusiko 35. jarri zan. Ondoren, Toblachen heldu zan estilo klasikoko 15 kilometroko jazarpen lasterketako 30. postua. Val di Fiemmerako aldaketak be ez deutso kalterik egin Rojori, azken lasterketetan sendo jokatzen jarraitu dauelako. Basque Teameko eskiatzailea 32. izan zan estilo klasikoko 15 kilometroko mass starten, 46. esprint klasikoan eta 18. estilo libreko 10 kilometroko mass start proban:
Gaur nire emoitzarik onena egin ahal izan dot Munduko Kopan, 18. postua lortuz eta 14. postuari esker esprintera helduz, oso pozik nago Tourra holan amaitzeagaitik, igaz baino hobeto, 30 onenen artean sartzeko 12 segundora. Eskerrak emon nahi deutsadaz talde osoari. Oso Tour gogorra izan da, zortzi etapa izan dira, igaz baino bat gehiago eta orain etxean deskantsau eta hurrengo helburua preparauko dat, zezeilaren amaieran eta martiaren hasieran jokatuko dan Munduko Txapelketea adierazo dau Imanol Rojok lasterketea amaitzean.
Imanol Rojok Europako Kopako bere lehen garaipena lortu eban joan dan abenduan eta denporaldiko helburu nagusia Oberstdorfen (Alemania) egingo dan Munduko Txapelketea izango da, Beijingeko 2022ko Jokoetarako sailkapena begi bistatik galdu barik. Sotxi 2014 eta Pyeongchang 2018ko Jokoetan be lehiatu zan tolosarra.
Bien bitartean, Virginia Diaz Basque Teameko arraunlariak badaki bi urtez jarraian podium kontinentalera igotea zer dan
2019an, Europako txapelketan nagusitu zan Aina Cidegaz batera lemazainik bako biko ontzian (W2-) eta 2020an zidarra irabazi eben. Tokioko Jokoetan parte hartzeko txartela 2019ko Munduko Txapelketan ziurtatu eben, Linz-Ottensheimen, baina hitzordua atzeratu egin zan osasun krisiaren ondorioz. Bere lehen parte-hartzea Joko batzuetan uste baino gehiago atzeratu da Virginiarentzat; dana dala, proba mimoz preparetan jarraitzen dabe. Presinoa kentzen saiatzen dan arren, behin Tokion lehiatzeko txartela lortuta, olinpiar finala jokatzen imajinetan dau bere burua: Benetan oso pozik gagoz, urte gogorra izan dalako. Alde fisikoa zenbait hilebetez etxean preparau behar izateak eta gero udan uretan arraunean hasi behar izateak lehiaketak apur bat gogorragoak izatea dakar. Gainera, urtean goi mailako lehiaketa bakarra izatean, ez dakizu zelan bizi izan daben egoera hori gainerako herrialdeek eta ahalik eta ondoen aurre egin behar deutsazu. Oso lehiakorrak gara, asmo handikoak eta, jakina, ez dogu inoiz gure burua posturen bategaz lotu nahi, ez onerako ez txarrerako; Olinpiar Jokoetan egotea baloretan dogu, baina beti nahi dogu gehiago, eta behin han egonda, nik olinpiar finala imajinetan dot.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!