'La mejor madre del mundo' antzezlana estreinauko dabe Bilbon urtarrilaren 8an

Bizkaie! 2021-01-08 08:04   Antzerkia

Nuria Labariren eleberrian oinarritutako Pabilioi 6ren produkzino barria da.

Antzerki urtea modu benetan interesgarrian hasiko da Arriaga Antzokian. Horren erakusgarri da astegoien honetako La Mejor Madre del Mundo antzezlanaren estreinaldia (Hilaren 8an eta 9an, 19:00etan). Obra hau Nuria Labari idazle eta kazetari kantabriarraren izen bereko eleberri bikainaren antzerkirako egokitzapena da. Eleberria 2019an argitaratu eben, kritikearen eta publikoaren laudorioen artean. Orain, liburuan oinarrituta, Juana Lorrek antzerki dramaturgia eregi eta zuzendu dau gaur eta bihar Arriagan estreinauko daben lana. Pabilioi 6k Arriaga Antzokiak alkarlanean egindako produkzinoa da. Arriagan estreinau eta gero, antzezlana Pabilioi 6 aretoan izango da ikusgai, urtarrilaren 14tik zezeilaren 7ra arte.

Amek ez dabe idazten. Amak idatzita dagoz esaldia azaltzen da antzezlanean, izan be, upealako ahalegina da, bilakatu zaren ama horrek zu zaren emakumea iruntsi ez daian edo zu zaren emakume horrek izan nahi dozun ama baztertu ez daian. Baina istorioa ez da hor hasten, askoz lehenago baino. Artean heldu barik egoan seme-alabea absentzia bat besterik ez zanean, ate-joka ebilena eta zirrikitu guztietatik sartzen zana, sasoiz kanpo abestutako sehaska-kantua balitz lez.

La Mejor Madre del Mundo antzezlanak maitasunez, bertigoz, umorez eta itzalez osotutako zurrunbiloan sartu nahi ditu ikusleak, sentipen horreek guztiak sortzen baitira ama garaikide baten gorputz eta buruan seme-alaba izateko nahia hasten danetik hazkuntzearen garai bete-betera arte. Ikuspegi barri bat esperientziaren epizentrotik, azkenean norberaren buruaren kontakizuna egitea erabagi dauen eta Leire Ucha antzezleak gorpuzten dauen emakume-ama bati esker. Haregaz batera, Haizea Águila, Karmele Larrinaga, Eneritz García Alonso eta Iñaki Maruri, inguruan dabizen personaien lana egiteko, danen artean ikusleak hausnartzen behartuko dituan istorio hunkigarria eratuz.


Sarrerak

Arriaga Antzokian

- 18 euro (beherapenagaz).

- Salgai www.teatroarriaga.eus helbidean edo antzokiko txarteldegietan.

Pabilioi 6

- 17 euro (P6ko bazkideak eta gazteak deskontuak ditue).

- Salgai www.pabellon6.org helbidean edota 639 766 720 telefono zenbakira deituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu