Hurretik ezagutu dabe Euskal Diasporearen Artxiboan egiten dan lana
2021-01-07 12:22 KultureaOrain arte 7.000 dokumentu-sarrera katalogau dira.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak eta Kanpo Hartu-emonetarako idazkari nagusi Marian Elorzak Euskadiko Artxibo Historikoan dagoan Euskal Diasporearen Artxibora bisitea egin dabe gaur. Gorka Álvarez, Kanpoko Euskal Komunidadearen zuzendaria; Mikel Aizpuru, Kultura Ondarearen zuzendaria; Borja Aguinagalde, Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna; eta Mikel Gómez, Diasporako Artxiboaren katalogazinoaren arduraduna be izan dira bisita horretan. Azken hori izan da gidari lanak egin eta beharrezko azalpenak emon dituana.
2018ko zemendian, Iñigo Urkullu lehendakariak, Argentinako Euskal Aste Nazionala ospatzeagaz batera, Mar de Plata urian iragarri eban Euskal Diasporearen Artxibo bat sortuko zala, Euskadiko Artxibo Historikoan kokatutako bilduma historiko bat, historian zehar euskal gizataldeen memoriari eta jarduereari buruzko dokumentazinoa jasoteko. Urtebete geroago, Bilbon 2019ko urriaren 2tik 4ra egin zan Euskal Gizataldeen VII. Mundu Biltzarraren barruan, Euskal Diasporearen Artxiboa aurkeztu eben.
Orain arte 7.000 dokumentu-sarrera katalogau dira gitxi gorabehera, 955 ale bibliografiko eta 230 objektu kronologia eta jatorri askotakoak. Gainera, mundu osoko partikularren eta euskal erakundeen ekarpen eta dohaintzei esker, artxiboko fondoak gero eta gehiago dira.
Gaurko bisitan, Bingen Zupiriak eta Marian Elorzak mundu osoan zehar dagozan euskal gizataldeen bilakaerea, ekarpena eta eraketea ezagutzeko aukerea emoten dauen bildumea edo funtsa eratzeko lanak zelan doazen jakin ahal izan dabe. Funts horreek kanpoan dagozan euskal gizataldeen eguneroko bizitzea erakusten dabe, batez be Amerikako kontinentekoa, antolaketeari, jaiei, frankismoaren kontrako lankidetzeari, harrera-alkarteetan egoteari eta euskal erakundeakaz XX. mendearen erdialdetik izandako hartu-emonei jagokenez.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu dauenez, artxibo hau oso garrantzitsua da kanpoko euskaldunen begiradeagaz eta bizipenakaz gure herriaren historian sakontzeko. Funts horreei esker, gizarteari, oro har, eta ikertzaileei ondare hori guztia jaso eta gordeteko leku bat eskaintzen jake.
Bestalde, Marian Elorza Kanpo Hartu-emonetarako idazkari nagusiak azpimarratu dauenez, lehen urratsetan dagoan proiektua da eta oso eskertuta gagoz orain arte jasotako dohaintza garrantzitsuakaitik. Asko dago egiteko eta euskal komunidade globalak munduan zehar alkarreraginean jarraitzen dau, baina proiektua gorpuzten dago eta aukera barriak jarten ditu gizartearen eskura.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!